argia.eus
INPRIMATU
Irakasle funtzionario insolidario eta injustuak

Miren Karmele Ikatzeta Zuriarrain 2023ko abuztuaren 23a

EAEko hezkuntza sisteman hainbat irakasle funtzionariok korronte insolidario eta arriskutsua sortu eta bultzatzen dute, langileen eskubideen aurka doana; urteak eta urteak interino modura lan egin eta orain egonkortu dituzten irakasleen aurka, hain zuzen ere.

EAEko hezkuntza sisteman irakasle interinoak funtsezkoak izan dira, urtez urte, euskal haur eta gazteei kalitatezko irakaskuntza eskaintzen. Gainera, irakasle interino gehienek beren burua eguneratu eta bergaitu egin dute pedagogia berritzaileetan, konpetentzia digitalean, eta beste hainbat alorretan. Irakasle funtzionarioak (“karrerako funtzionarioak”) adina edo gehiago, segur aski; azken horietako asko funtzionario egin ondoren, eta Eusko Jaurlaritzaren kontrol zehatzik izan gabe, agian ez baitira eguneratu konpetentzia pedagogikoetan, digitaletan, eta beste hainbat alorretan.

Irakasle interino gehienak egoera laboral irregular eta ilegal horretan urte asko egon ondoren (hamar eta/edo hogeita gehiago, kasu askotan), Europar Batasunak exijitu zuen horien lanpostuak egonkortzea. Ondorioz, espainiar gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak legezko prozesuak ezarri eta aplikatu dituzte irakasle horiei merezimendu-oposaketa bitartez egonkortasuna bermatzeko. Jakina, merezimendu-oposaketan ere eskakizunak zorrotzak izan dira: dozentzia-esperientzia handia frogatzea; titulu akademikoak izatea (unibertsitate titulu bat baino gehiago, kasu askotan); gaitasun digitalean kurtsoen bitartezko prestakuntza eta eguneratzea ziurtatuta izatea; etab.

Beraz, langile-eskubideen aurka zegoen egoera ilegal bati irtenbide egokia ezarri diote prozedura zorrotz eta justu baten bidez. Baina, gezurra badirudi ere, hainbat irakasle funtzionario (“karrerako funtzionario” deitzen dute beren burua) horren aurka jarri dira, eta insolidaritate itzela adierazi dute.

Orain, Eusko Jaurlaritzak ezarritako dekretua eta prozesua bete egin behar ditu, plaza lortu duten irakasle interinoek euskal haur eta gazteei kalitatezko hezkuntza ematen jarrai dezaten.

Miren Karmele Ikatzeta Zuriarrain, irakaslea