argia.eus
INPRIMATU
Irakasle baten sexu abusuak salatu dituzte Getxoko eskola bateko lau familiak
  • Adingabeetako bati ospitalean sexu eraso zantzuak aurkitu ostean heldu dira salaketak. Segurtasun Sailak jakinarazi du ikerketa abiatu duela eta lau salaketa jarri direla. Getxoko Europa ikastetxeak adierazi du irakaslea “zentrotik apartatu” duela eta “erabateko arduraz” jokatu duela, baina familiek gertatua “estali” nahi izana leporatu diote.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko maiatzaren 28a

Azken hiru urteetan eman ditu klaseak Getxoko Europa ikastetxean salatutako irakasleak. Asteartean jakin denez eta Segurtasun Sailak baieztatu duenez, lau familiak salaketa aurkeztu dute irakasleari sexu askatasunaren aurkako delitua egotzita. Segurtasun Sailak adierazi du ez duela baztertzen salaketa gehiago jartzea familiek.

Ustezko sexu erasoak jasan dituzten adingabeak Haur Hezkuntzako 4 urteko haurrak dira, denak neskatoak. El Correo egunkaria salaketa aurkeztu duten lau familiekin hitz egin du. Argitaratu duenez, familia batek ospitalera eraman zuen alaba maiatzaren 20ko astelehenean, gorputzaren “alde intimoetan” mina zeukalako. Hainbat egun ziren haurrak ez zuela eskolara joan nahi. Aurretik, alaba bi egunez eskolatik barne arroparik gabe etxeratu zela salatu du familia berak. Ospitalean neskatoak sexu abusu zantzuak zituela esan zioten familiari, eta orduan aurkeztu zuen salaketa Ertzaintzaren Getxoko komisarian. Familiak eskolari eta beste guraso batzuei jakinarazi zien egoera, eta beste hiru familiak aurkeztu dituzte ondoren salaketak, beren alabekin hitz egin ostean. Familia horien esanetan, abusuak pairatu dituzten beste bi neskato daude behintzat.

Familien kexua eta eskolaren azalpenak

Egunkariaren esanetan lau familiak kexu agertu dira Getxoko Europa ikastetxearen jarrerarekin. Lehenbiziko salaketa aurkeztu zuen amaren esanetan, eskolari jakinarazi zionean alaba bi aldiz etxeratu zela barne arroparik gabe, “ziurrenik bero asko egiten zuelako” izango zela erantzun zioten. “Guregatik arduratu ordez, egin duten bakarra gure alabak auzitan jartzea eta eskolatik alde egitera gonbidatzea izan da. Estali nahi izan dute”, salatu dute lau familiek.

Eskolak, bere aldetik, astearte goizean bidali die gutun bat eskolako familiei. Ziurtatu die ikastetxeak “erabateko arduraz” jokatu duela, “Hezkuntza Ikuskaritzako zerbitzuekin eta Poliziarekin koordinatuta, edozein zantzuren berri izan den lehen unetik”. Azaldu du irakaslea zentrotik apartatua izan zela “berehala”, eta “kaltetutako nibeleko familiei” astelehen honetan eman zaiela egoeraren eta eskolak hartutako neurrien berri. “Ikastetxearen jarduera guztiak, alde batetik, ikasleak eta haien familiak babestera bideratuta daude, eta bestetik, irekitako legezko prozeduretan sartzea saihestera. Beste zentzu bateko edozein interpretaziok ez du inolako funtsik”, dio oharraren azken puntuak.