Irakasle hau egokitzen zaielarik, 6-9 urteko haurrengan beldurra, amesgaiztoak, antsietatea, negarra… orokortzen direla salatu dute Atarrabiako Atargi ikastetxeko gurasoek. Urtetako arazoa konpontzen ez dela-eta, haren klaseei planto egitea erabaki dute. Guraso elkarteko bozeramailearekin hitz egin du ARGIAk.
Behin baino gehiagotan salatu du egoera Atargi eskola publikoko Idoskia guraso elkarteak, eta ikasleen testigantza batzuk ere bidali dituzte Hezkuntza Departamendura. Lekukotza horien arabera, garrasika hitz egiten die irakasleak Lehen Hezkuntzako haurrei, paretari begira jartzen ditu, zailtasun akademikoak dituztenak lagundu beharrean denen aurrean umiliatzen edo lotsarazten ditu, edo errieta egiten die beste batzuk baino geldoagoak direlako, zeinen gaizki ari diren errepikatzen die, mehatxuka hitz egiten die, hainbatek ikarak blokeatuta eta negarrari ezin eutsirik igarotzen du ikasturtea, ondoko ikasgelako haur batzuek diote pasillotik igarotzean beldurtu egiten direla haren oihuekin…
Emakume hau irakasle egokitzen zaien ume askok ez dutela eskolara joan nahi eta ondorio emozional eta psikologiko esanguratsuak jasan dituztela diote gurasoek, psikologoa ere behar izan dutela batzuek. “Ez da irakasle gogor bat, haratago doa”, adierazi dio ARGIAri Mikel Borda guraso elkarteko bozeramaileak.
Testigantzen arabera, zailtasun akademikoak dituztenak denen aurrean umiliatzen edo lotsarazten ditu, edo errieta egiten die beste batzuk baino geldoagoak direlako
Zer dio ikastetxeak?
Kontatu digunez, duela zortzi urte iritsi zen ikastetxera irakaslea, eta kasik hasieratik izan dute harekin arazoa. Gurasoek ate bat baino gehiago jo dute ordutik. Ikastetxeko zuzendaritzak, familien presioa tarteko, tutoretzetatik alboratu du irakaslea, eta orain ikasgai jakin batzuk ematen ditu eta irakasle-laguntzaile aritzen da. “Familien alde daudela eta ahal dutena egingo dutela esaten digute zuzendaritzatik, baina Hezkuntza Departamenduaren esku dagoela konponbidea”. Eskolako zuzendaritza taldeak askotan hitz egin du irakasle honekin, “baina ez du jarrera aldatzen”.
Ikuskaritzarekin eta Hezkuntzarekin ere izan dira gurasoak, espediente diziplinarioa abiatu zitzaion, baina irakasleak ez zuen zigorrik jaso, ez zutelako salaketen frogarik aurkitu. “Ez zen, ordea, prozesu oso zorrotza izan; pentsa, ez zuten ikasleekin hitz egin, irakasle honekin aritu ziren beste irakasleekin baino ez, baina ikasgelan beste heldu bat dagoenean ezberdin jokatzen du irakasleak”.
"Irakasleari abiatutako espedientea ez zen prozesu oso zorrotza izan; pentsa, ez zuten ikasleekin hitz egin"
Irakaslea funtzionarioa da. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak adierazi du emakume hau ez dela tutore arituko eta ez dela inoiz haurrekin bera bakarrik geratuko. “Nolabait, arazoa onartzen ari da Departamendua –dio Bordak–, baina adabaki horiek ez digute balio, gerora agian berriro ere tutore izatera bueltatu baitaiteke”.
Asteazken honetan lehen eskola eguna dute Nafarroan eta protesta gisa greba egingo dute gurasoek, ez dituzte seme-alabak ikastetxera eramango. Ostegunetik aurrera, haurrak irakaslearen ikasgaietatik ateratzeko antolatuko dira gurasoak.