argia.eus
INPRIMATU
Irakasle bat labankadaz hil dute Donibane-Lohizunen
  • Asteazken goizean 50 urte inguruko irakasle bat hil dute Donibane-Lohizuneko Tomas Akinokoa lizeoan. Ustez, erasotzailea 16 urteko ikasle bat da, eta atxilo eraman dute.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 22a
Tomas Akinokoa lizeoa.

50 urte inguruko irakasle bat hil dute asteazken goizean Donibane-Lohizuneko Tomas Akinokoa lizeoan. Goizeko 10:00ak aldera egin diote eraso labanaz, eta larrialdi zerbitzuek artatu dutenerako oso larri zegoen. Hala adierazi du Jerome Bourrier Baionako fiskalak. Lizeoan bertan artatu dute zauritutako irakaslea, baina ezin izan dute salbatu; zauriak eragindako bihotz-biriketako geldialdi baten ondorioz hil da.

Ustez 16 urteko ikasle bat da erasotzailea. Hedabideek emandako informazioaren arabera, motxilan labana zeraman, eta gelaraino sartu da harekin. Gaztelerazko klasea amaitzear zela irakasleari hurbildu eta labankada jo dio bularrezur inguruan. Naiz-ek jaso duenez, erasoa gauzatu ostean gainerako ikaskideak gelatik atera dira, eta ustez erasoa gauzatu duen ikaslea gertuko ikasgela batean sartu da. Irakasle bat hurbildu zaio eta labana ikasleari eskuetatik kentzea lortu du.Frantziako telebista kateek jasotako testigantzen arabera, erasoa gauzatu duen ikasleak ahots bat entzun duela adierazi du, eta hari kasu egin diola.

Ikaslea atxilo eraman dute eta Donibane-Lohizuneko polizia-etxean daukate. Medikuek azterketa egingo diote haren osasun egoera atxiloaldi batekin bateragarria den ondorioztatzeko. Bordeleko Polizia Judizialak gertatutakoaren gaineko ikerketa abiatu du.