Topatu.info-ko kazetari Iraitz Salegi eta Ernai gazte antolakundeko kide diren Maialen Etxeberria, Irati Sienra, Garazi Mugertza, Mikel Moreno, Aitor Anda, Gotzon Elizburu eta Mikel Button libre utzi ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, auzipetuek ARGIAri jakinarazi diotenez.
Guztiei "terrorismoa goratzea" leporatuta, fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak eskatutako 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorra ezeztatu du Angela Murillok epaileak.
Topatu.info-k jaso zituen artikulu mamitsu honetan hiru egunez luzatu den epaiketaren gorabeherak. Protestak izan ziren Auzitegi Nazionaleko aretoan. Lehen saioan, Gasteizko Herri Harresiaren bizipenak bizirik zeudela, auzipetuek epaileari bizkarra eman zioten elkarri helduta. Ikusleen artean zeuden senide eta lagunak ere "euskal gazteria aurrera!" oihuka hasi zirela-eta, aretoa hustu zuten.
Kasuaren testuingurua
2013an, Gazte Danbadaren ekitaldiaren egunean, Xabier Lopez Peña preso politikoa espetxean hil izana salatu zuten. Hala azaldu zuen Ernaik epaiketaren data ezarri ondoren plazaratutako oharrean: “Frantziak eta Espainiak presoei ezarritako salbuespenezko neurriak salatu genituen bertan (Danbadan) bildu ginen gazte guztiok”.
Fiskaltzak eta AVT elkarteak, terrorismoari gorazarre egitea leporatuta, bina urteko kartzela zigorra eskatu zuten Ernaiko sei kiderentzat. Zazpigarren kidearentzat eta Iraitz Salegi eta Periko Solabarriarentzat urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuten. Azkenean, ordea, Periko Solabarriaren aurkako karguak epaiketa hasi aurretik kendu zituzten.
Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa
93 hedabidetako ia 472 kazetarik, argazkilarik eta kazetaritza irakaslek sinatu zuten Mozal Legearen gainetik, kazetaritza ez da delitua manifestua. Adierazi zutenez, "Topatu.info hedabidearen aurkako bidegabekeria eta ildo errepresiboan sakontzera dator Mozal Legea". Babes eta oihartzun handia lortu zuen ekimenak.