argia.eus
INPRIMATU
Irainka
  • Camilo Jose Celarengandik hasi eta duela urte batzuk libelo famatu bat idatzi zuenarengana errepikatu ohi den erdi egia horietako bat da –gezurrik mikatzenak izaten direnak, askotan– euskarak iraintzeko gaitasunik ez duelakoa. Egia itxurako gezurra ez zen hainbeste gaitasuna ukatzea –hori gure hitz egiteko manerak salatzen du­–, gaitasun falta hori intrintsekoa dela, eta ez zirkunstantziala, sinestarazi nahi izatea baizik.

Jon Alonso 2018ko abenduaren 04a

Gaur egun, zorionez, denok dakigu amarrua dekonstruitzeko aski soziolinguistika. Hemen ere, beste edozein arlotan bezala, maiztasuna eta errepikapena dira gakoak. Hala ere, iraintzeko arte noblea behar bezala praktikatzeko, mekanismoa zein den aztertzea ez dago sobran.

Guztiz beharrezkoa ikusten dut euskarazko iraina, baina ez dakit oso errealista den irainaren aldeko kanpaina bat egin nahi izatea; euskarak batzen gaitu esan eta esan ari gara, eta zer eta elkarri kristorenak botatzeko?

Iraina, izatez, hitz huts eta soil bat da, berez errugabea, ez gutxitan, baina beti konnotatua; ahots tonua eta aurpegiko espresioa lagungarri dituena; gorrotoa adierazteko, larderia sorrarazteko eta besteari min egiteko asmoz botatzen dena; gertaeren testuinguru batean gertatzen dena –printzipioz inor ez dabilelako irainka horretarako arrazoirik eduki gabe–, eta, jakina, hartzaile bat duena, iraina botatzen duena bezain inportantea, zeinarengan nabaritu behar baita irainak sortu duen ondorioa eta zeinarengandik erantzun bat –edonolakoa izanik ere– espero baita: edozein irainaren indarra sorrarazten duen erantzunaren mailaren bidez neurtzen da, eta horrek berak balio du iraina mailakatzeko (irainaren gradazio aski adostu eta orokortu bat ere behar-beharrezkoa baita eraginkortasunez iraintzeko). Aurkenerenak eta konpainiak zerrendatu zituzten hiru mila irain horietatik bi esan, eta zeinek dakar bueltan ukabilkada bat, eta zeinek erdeinuzko begirada soil bat, eta bistan da zein den grabeagoa, zeinek sortuko duen tentsio handiagoa, zeinek daukan karga handiagoa.

Horregatik, polita eta dibertigarria, baina aldi berean aski antzua, iruditu zait Berria-ko kazetari batzuek egin duten bideo txikia, zeinean irain-zaparrada bat botatzen duten. Hartzaileak falta zituzten.

Bestalde, guztiz beharrezkoa ikusten dut euskarazko iraina, baina ez dakit oso errealista den irainaren aldeko kanpaina bat egin nahi izatea; euskarak batzen gaitu esan eta esan ari gara, eta zer eta elkarri kristorenak botatzeko? Ez dakit ba, ohiko buenismo eta onkeria ofizial guztietatik aparte legoke asmoa.

Beharbada, eta iraintzeko ia edonor dagoela prest ziurtzat jota, gakoa pagaburu-sail bat izendatzea da; alegia, euskararen alde irainduta izateko prest dagoen “Irainduprest” multzoa. Halakorik bai?