Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.
Charlie eta txokolate-lantegia (jatorrizko izenburua: Charlie and the Chocolate Factory) liburuko eta ondoren zinemara eramandako Augustus Gloop pertsonaia aurrerantzean ez da “lodia” izango; “oso handia” dela irakurriko da. Roald Dahl idazle galestarrak lehen adiera hori erabili bazuen ere 1964an, 2023tik aurrera argitaratuko diren edizioek bestelako adjektibo eta deskribapenak izango dituzte, “hizkera iraingarria saihestu” eta “askotariko sentsibilitateak” aintzat hartzeko, Puffin argitaletxearen eta Roald Dahl Story Company-ren arabera.
Charlie eta txokolate-lantegian aurkezten diren Ooma Loompa-k berriz, “pertsona txikiak” izango dira eta ez “gizon txikiak”. Generoa ez bereiztearena ere aplikatuko da James eta Melokotoi Erraldoia (James and the Giant Peach) ipuinean: “hodei-gizonak” aurrerantzean “hodei-pertsonak” izango dira. Oso ezaguna den beste pertsonaia bat da Matildako Trunchbull andrea, eta pelikula ikusita erraz deskriba daiteke handia, zatarra eta zakarra gisako hitzekin; aldiz, liburuan, “egundoko andrea” moduko zerbait esango da edizio berrietan. Hau da, “emakume” adieratik aldenduko da kategoria biologikoarekin ez erlazionatzeko. Matildak, gainera, ez du gehiago Rudyard Kipling autorearen Oihaneko Liburua edo The Jungle Book irakurriko Dahlen berezko kontakizunean jasotzen zen bezala, arrazakeria leporatzen baitzaio Kiplingi 1894an idatzitako eleberriagatik. Horren ordez, Jane Austen-en Zentzua eta Sentiberatasuna (Sense and Sensibility) liburua izango du mesanotxean.
Esaterako, beste bi adibide hauek. Ergelak (The Twists) eleberriko Twist andrea ez da gehiago “itsusia” izango, “izugarria” baino ez; eta Sorginak edo The Witches liburuan berriz, esaldi bat gehituko da sorginek ileordea daramatela nolabait ere justifikatzeko: “Arrazoi asko egon daitezke emakumeek ileordea eramatearen atzean, baina ez dago ezer txarrik horretan”.
“Hitzek axola dute”
The Telegraph eta The Guardian hedabideek jaso dutenez, Puffin editorialak zabaldu eta ohar bidez jakinarazi eta justifikatu ditu egindako moldaketak. “Hitzek axola dute” adierazi du, eta azpimarratu Roald Dahlen “hitz eta istorio ederrez berdin-berdin disfruta daitezkeela”.
Ohiko berrikuspenez haragoko “ezer berezirik” ez dutela egin adierazi dute argitaletxetik, beti ere “garaira” egokitzeko ahalegina egiten delako “sortzailearen berezko testuaren espiritua mantenduz”.