Iñaki Williams Bilboko Athleticeko aurrelariak adierazi du irain arrazistak berriro jasoz gero, jokalari guztiek zelaitik alde egingo dutela, partidua bertan behera utzita.
Universo Valdano Espainiako telebista saioan Iñaki Williamsi egindako elkarrizketan ondorengoa adierazi du aurrelariak: "XXI. Mendean ezin dugu horrelakorik onartu. Azalaren kolorea, arraza, sexua… edozein motatako irainak onartezinak dira futbolean. Hobe ez errepikatzea, baina hala izanez gero, badakit jende askoren babesa izango dudala, Tenerifen gertatutakoaren ostean argi geratu zenez”.
Williamsek ez du zalantzarik zer jarrera hartuko duten horrelako beste kasu baten aurrean: “Jokalariok hitz egin dugu gaiaz eta berriz gertatuz gero [zelaian irain arrazistak jasotzea], zelaitik alde egingo dugu eta berdin zaigu partida galdutzat ematen badigute ere, arrazakeriaren aurkako ostikada izango litzatekelako”,
Espanyolen aurkako partidan, Bartzelonan, Williamsek iran arrazistak jasan zituen Espanyoleko hainbat jarraitzaileren aldetik. Momentuan betan José María Sánchez Martínez epaileari jakinarazi bazioten ere partiduak aurrera jarraitu zuen. Ondoren kasuak zabalpen mediatiko handia izan zuen eta babes keinu andana jaso zuen Athleticeko aurrelariak.
Orain arte Espainiako gizonezkoen futbol ligetan bertan behera utzi den partidu bakarra Rayo Vallecano eta Albaceteren artekoa izan da. Jose Antonio Lopez Toca epaileak bigarren mailako partiduaren bigarren zatia ez jokatzea erabaki zuen, Roman Zozulia jokalari ukrainarrari hainbat jarraitzailek "nazi" deitzeagatik.