Martxoaren hasieran irain xenofoboak eta arrazistak egin zituen jokalari bat bota du Basauriko Indartsu futbol taldeak. Larunbat honetan jokatuko duten partiduan mota horretako jarrerak gaitzetsiko dituzte.
Indartsu eta Orduña futbol taldeek adierazpen bateratua argitaratu dute martxoaren 4an Basaurin izan ziren istiluak salatzeko. Hain zuzen, UD San Miguel eta Orduña futbol taldeen arteko norgehiagoka jokatu zen Basaurin eta Urduñako zenbait jokalarik irain xenofoboak eta arrazistak jasan zituztela adierazi dute, "bai partidan bertan zein berau bukatutakoan. Hori gutxi ez, eta futbol zelaitik irteteko Ertzaintzaren laguntza behar izan zuten Urduñako jokalariek".
Jarrera mehatxagarri horien atzean Basauriko gazte talde bat izan zen, eta erasotzaileen artean “Indartsu Klubeko jokalari batzuk“, dio adierazpenak. Horren ondorioz, Indartsu futbol taldeak jakinarazi duenez, "jokalari bat Klubetik bota eta beste lau baztertu ditugu", dio Eñaut Barandiaran Indartsu Klubeko entrenatzaileetako batek.
Tolerantzia eta kiroltasuna
Martxoaren 18an, larunbatez, Indartsu eta Orduña taldeen arteko partidua jokatuko da Soloarten eta bertan "tolerantzia eta kiroltasuna" aldarrikatuko dituzte. Norgehiagoka hasi aurretik (11:15ean hasiko da partidua) talde bietako jokalariek zein zaleek argazkia egingo dute, eta jokalariek "Kirol legez, denok irabazle" dioen kamiseta jantziko dute argazkirako.
Kirol legez, denok irabazle
Indartsu eta Orduña futbol taldeek egin duten adierazpen bateratua:
Albiste hau Geuria.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.