argia.eus
INPRIMATU
Irailean zabalduko dute berriz Sestaoko ACB altzairutegia
  • Lehen baino lan karga txikiagoa izango dute, asteburuetan bakarrik arituta. Aurrerantzean, ikerketa, garapena eta berrikuntzaren alorrari garrantzi handiagoa emango diola esan du enpresak.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko abuztuaren 23a
Arcelorrek Sestaon duen ACB altzairutegia. [Argazkia: ukberri.net CC-BY]

Arcelorrek Sestaon duen ACB altzairutegiak badu berrirekiera data: datorren irailaren 9a. Ostiralez zabaltzeak badu bere arrazoia: oraingoz, asteburuetan soilik egingo dute lan bertan. Hala, urteko gaitasunaren %14,4 soilik ekoitziko dute, Berriak argitaratu duenez.

Hasiera batean, 12 orduko lanaldiak egingo dituzte 140 langilek. Gehienez ere, “altzairu berezien” 12.000 tona ekoitziko dituzte hilabetean. Horrez gain, ikerketa, garapena eta berrikuntza landuko ditu Arcelorrek, Zamudioko I+G zentroa Sestaora lekualdatuta: labeen abantaila teknologikoak probestuko dituzte han.

Lantegia berriz zabaltzeko “beharginek egindako esfortzua” azpimarratu dute jabeek. Ekainean langileen erdiak kaleratzea onartu zuten, beste erdiak lanean jarraitu ahal izateko. Haien esanetan, lantegia martxan jartzea langile kopurua handitzeko “lehen pausoa” da. Hala, “begi onez” ikusi dute irekiera, baina zuhurtziaz jokatuko dutela argi utzita.

Jaurlaritza, pozarren

Eusko Jaurlaritza ere gustura dago ACB altzairutegia berriz zabalduko delako: “Hilabeteotan landu eta eskatzen aritutako agertokia” dela azaldu dute bertako iturriek. Arantza Tapia sailburuak asteartean egingo du balorazio ofiziala, eta negoziazioen inguruko xehetasunak ematea espero da.