argia.eus
INPRIMATU
Irailaren 8an dantzan: Otsagabian, Eltziegon eta non gehiago?
  • Ausartuko gara esaten Otsagabiko (Nafarroa) eta Eltziegoko (Araba) dantzak direla irailak 8 bueltako dantzarik ezagunenak. Ibilbide eta historia luzea dute eta azken hamarkadetan Euskal Herriko dantza talde askoren errepertorioetan jasoak izan dira.

dantzan.eus 2024ko irailaren 06a
Otsagabiko dantzak, 2016-09-07. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC BY-SA

Errepertorio ezagunekin jarraituz, dantzari-dantza ezin aparte utzi; eta Izurtzan (Bizkaia), Durangaldeko herria izanik, horixe da jaietan egokitzen dena. Beasainen (Gipuzkoa) eta Eibarren (Gipuzkoa), berriz, ezpata-dantza eta trokeo-dantzek hartuko dute protagonismoa. Bi herrietan duela kasik bi hamarkada hasi zuten tokiko dantza tradizioetako ezaugarrietatik abiatu eta errepertorio propioa osatzeko bidea. Eta gure dantza tradizioa aipatzen hasita ingurutxoak eta soka-dantzak derrigor agertu behar: Bedaio, Lizartza, Zestoa eta Iruñean plazaratuko dituzte datozen egunetan. Bukatzeko, erromeriak, nola ez! Zelatunen (Gipuzkoa) eta Zarautzen (Gipuzkoa) abarketak urratzeko aukera ezin hobea duzue.

Bizitzaren sorrera

Bizitzaren sorreraren inguruko ospakizunak dira Ama Birjinarenak. Kristautasunean, Andre Mariaren jaiotza, hau da Jesukristoren amaren jaiotza irailaren 8an ospatzen da, hain justu, Kontzepzio edo Sortze Garbia (abenduak 8) baino bederatzi hilabete geroago. Toki askotan ospatzen dira egun honetan Ama Birjinaren adbokazioak: Otsagabian Muskildakoa, Izurtzan Erdoitzakoa, Eltziegon Plazakoa, Eibarren Arratekoa, Lizartzan Sagrariokoa... Ama Birjinaren jaiotzaren bueltako jaiak direla edo bestelako arrazoiak tarteko asteburu honetan dantza zita ederrak ditugu. Irailaren 8a aurtengoa igandea egokituta, borobil-borobila dator asteburua. Ama Birjina noiz eta non jaio zen, edo jaio al zen, ezin guk ziurtatu; baina haren jaiotzaren festaren bueltan hamaika festa eta dantza ospatzen direla froga argia dugu.

Otsagabia: Muskildako Amaren dantzak

Irailaren 7an eta 8an dantzatzen dira Muskildako Amaren dantzak Otsagabian. Irailaren 8a da festetako egun handia eta dantzariek egun osoko lana izaten dute. Bezperan, berriz, arratsaldez egiten dute saioa. Honako dantzek osatzen dute Otsagabiko dantzen zikloa: karrika-dantza edo paseoa, lau makila-dantzak (Enperadorea, Katxutxa, Dantza, Modorro), zapi-dantza edo pañolo-dantza eta jota.

Irailak 7

20:00etako Salbearen ostean dantzatzen dituzte Otsagabiako dantzariek Muskildako Ama Birjinaren dantzak.

Otsagabiko dantzak, 2016-09-07. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC BY-SA

Irailak 8

Irailaren 8an, Muskildako Ama Birjinaren omenez ospatzen den festan eskaintzen dute Otsagabiako dantzariek beren urteko emanaldi nagusia. Goizean Muskildara igo eta bertan dantzatzen dute 12:00ak inguruan. Arratsaldean aldiz, herriko plazan eskaintzen dituzte Muskildako Ama Birjinaren dantzak 18:00etan.

Otsagabiko dantzak, 2016-09-08. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC BY-SA

Izurtza: Dantzari-dantza

Irailak 7

Izurtzan Erdoitzako Andra Mari jaiak ospatzen dituzte eta bi dantza saio izan ohi dira festetako programan. Mendi Gain dantza taldeak jaietako lehen saioa Santa Ageda ermitaren inguruan egin zuen pasa den igandean, eta bigarrena, irailaren 7an plazaratuko du, Santo Tomas parkean. Aurreko igandean egin bezala, 12:00etan hasiko da saioa, zortzi dantzarik dantzari-dantzako zenbait dantza egingo dituzte eta ondoren, hamasei dantzarik dantza saioa eskainiko dute.

Mendi Gain dantza taldea, Santa Ageda ermita ingurua, 2024-09-01. Argazkia: Mendi Gain

Beasain: Igartzako ezpata-dantza eta trokeo-dantzak

Irailak 7

Iraileko bigarren larunbatean ospatzen da Igartzako ezpata-dantza eguna. 2007an ospatu zen lehen aldiz. Igartzako Dantzarien Kofradia sortu eta ordutik Beasaingo Igartza eraikin multzo historiko baliatuz garai bateko dantza eta protokolo ohiturak berreraikitzeko lana egin du Aurtzaka dantza taldeak. 2007tik liturgia osatzen joan dira. Batzuetan talde gonbidatu bat izaten da Besaingo ezpata-dantzariekin batera, talde gonbidaturik ezean Beasaingo trokeo dantzak eskaintzen dituzte: brokelena, uztai txikiena, makila handiena eta zumitzena. Aurten azken hiruak egiteko asmoa dute.

12:00 Bandera jasotzea Udaletxean.

12:05 Ezpata-dantzaren segizioa plazatik Igartzaraino.

12:30 Ezpata-dantzaren saioa Igartzan.

Igartzako ezpata-dantza, Beasain, 2022-09-10. Argazkia. Iñaki Erauskin

Eltziego: Eltziegoko dantzak

Irailak 8

Plazako Amabirjinaren eguna ospatzen dute Eltziegon eta herriko dantzak eskaintzen dituzte Ama Birjinaren egunean. Bertako dantzak honakoak dira: kalejira, Ama Birjinaren prozesioan laguntzeko; dantza, Ama Birjinaren aurrean egiten diren postu-aldaketa edo trokeoak; cuatro calles edo lau kaleetakoa, makila-dantzetan egin ohi direnen antzekoa, jota eta el árbol.

Eltziego, 2022-09-08. Argazkia: Eltziegoko dantza taldea

12:15ean, Plazako Ama Birjina elizara jaistea agintariekin, musika bandak, dantza taldeak eta gaiteroek girotua. 12:30 meza San Andres Elizan. Mezaren ondoren prozesioa agintariekin, musika bandak, dantza taldeak eta gaiteroek lagunduta baselizaraino; bertan Eltziegoko dantza taldeak eta gaiteroek patroia omenduko dute.

Eibar: Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak

Irailak 8

Irailaren 8an ospatzen da Eibarren Arrateko eguna. Arrateko dantzarien kofradiak, Usartza txistulari taldearen laguntzarekin, Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak eskainiko ditu.

Arrateko Amaren dantzak Kezka dantza taldearen eskutik, Arraten (Eibar), 2023-09-08. Argazkiak: Felipe Loiola / Kezka dantza taldea - EKD (CC) BY-SA

2005eko irailaren 8an Arrateko dantzen errepertorioa osatuta plazaratu zen. Arrateko Ama Birjinaren jai egunean aspalditik eutsi zaion dantza erritualari jarraipena ematen dion dantza sorta plaratzen da Kezka dantza taldearen ekimenez. Ezpata-dantza eskaintzen da meza nagusian Arrateko elizaren aldare aurrean, bai eta prozesioaren amaieran bigarrenez Ama Birjinaren irudiaren aurrean. Ondoren Arrateko zelaian ezpata-dantza osorik eta hiru trokeo-dantzak beren zortzikoekin eskaintzen dituzte: makila txikiena, makila handiena eta brokel makilena.

11:00etako mezan ezpata-dantza.

12:00ak aldera hasten den prozesioaren bukaeran ezpata-dantza.

12:30etatik aurrera, ezpata-dantza eta trokeo-dantzak zelaian.

Lizartza: Dantza-soka

Irailak 8

Sagrarioko Amaren jaiak ospatzen dituzte Lizartzan eta ospakizunen baitan dantza-soka plazaratzen da. Aurten, irailaren 8an, 12:30ean. Gorabeherak izan ditu Lizartzan dantza-sokak, baina eutsi diote eta dantzakera propioarekin gainera.

Dantza-soka, Lizartza, 2019-09-08. Argazkia: Lizartzako Udala

Bedaio: Ingurutxoa

Irailak 8

Tolosako Bedaio auzoko jaietan ingurutxoa plazaratzen dute herritarrek. Ingurutxoak Nafarroan dira ohikoagoak, baina Gipuzkoan ere dantzatzen dira; bata Bedaion eta Bestea Amezketako Ugarte auzoan.

Hiru hamarkada dira gutxienez berreskuratu zela zenbait urtetan utzita egon ondoren. Iraileko Ama Birjinaren jaietan, arratsaldeko 18:00etako herri kirol saioa amaitu ondoren egiten dute Bedaioko ingurutxoa.

Bedaioko Ingurutxoa, Bedaio (Tolosa), 2008-09-07. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Iruñea: Hiru Burguen soka-dantza

Irailak 8

Hiru Burguen soka-dantza eskainiko dute Iruñeko Duguna dantza taldeko dantzariek, Batasunaren pribilegioaren ekitaldien baitan. Irailaren 8an ospatzen da gaur egungo Iruñea osatzen duten Erdi Aroko hiru burgoak (Nabarreria, San Zernin eta San Nikolas) batu zirenekoa, Carlos III.a erregeak hala aginduta. Udalbatzak hiriaren izenean desfilatzen du hiru buruguetako kaleetan barna, Iruñeko erraldoien, buruhandien konpartsaren eta dantzarien laguntzaz. Ondoren, 2016tik, Dugunako dantzariek soka-dantza plazaratzen dute. Aurten 19:20 inguruan izango da Udaletxeko plazan.

Hiru Burguen soka-dantza, Iruñea, 2018-09-08. Argazkia: Duguna

Zestoa: Zahagi-dantzak eta dantzaurreak

Hainbat testigantza baziren irailean Zestoan ospatzen diren Ama Birjinaren jaietan zahagi-dantza eta dantzaurrea plazaratu ohi zirela. Hortik abiatuta 2017an zahagi-dantza kaleratu zen eta 2022an baita dantzaurreak ere: udal ordezkariena, gaztetxoena eta zahagi-dantzariena.

Irailak 8

Zestoako udal ordezkariek eta Itxaropena dantza taldeko kideek dantzaurrea aterako dute Ama Birjin egunean, meza ondorenean, 13:00 aldera. Dantzaurrearen bidez txupinazoa botatzea egokitu zaion talde edo norbanakoa omenduko dute eta sokara gonbidatu.

Udal ordezkarien dantzaurrea, Zestoa, 2022-09-08. Argazkia: Danbolin

Irailak 9

12 urteko gaztetxoek Umeen Eguneko txupinazoa bota eta zahagi-dantza eta dantzaurrea plazaratuko dituzte.

Gaztetxoen dantzaurrea, Zestoa, 2022-09-11. Argazkia: Danbolin

Zahagi-dantzarekin eta dantzaurrearekin amaituko dituzte festak Zestoan. Itxaropena dantza taldeko zahagi-dantzariak kalez kale ibiliko dira Zestuko Trikitixa Elkarteko eta Idiakatzeko txistulariekin batera. Plazara iristean dantzaurrea egingo dute.

Zahagi-dantza, Zestoa, 2022-09-11. Argazkia: Anartz Izagirre

Zelatun: Erromeria

Irailak 8

Hernio mendiaren magalean kokatzen den Zelatuneko erromeriak ezagunak dira oso. Iraileko igande guztietan jende ugari bertaratzen da dantzara. Igande honetan Laja eta Lutxurdioren doinura dantzarako aukera paregabea izango da.

2023ko iraileko azken igandeko erromeria, Zelatun, 2023-09-24. Argazkia: Ihintza Elustondo

Zarautz: Euskal Jaia

Irailak 9

Euskal dantzak Euskal Jaietan. Argazkia: Aritz Mutiozabal

Irailaren 9an ospatu ohi dute Zarautzen (Gipuzkoa) Euskal Jaia eta aurtengoa berezia izango da, 100 urte igaro baitira lehenengoz ospatu zenetik Zarautzen. Egitarau zabala antolatu dute; egun osoan dantzarako aukera nonahi. Hemen erromeri eta dantzaldiak:

Eguerdian, Musika plazan, erromeria, trikitilari, txistulari eta dultzaineroekin.

Ordu berean, Lege Zaharren enparantzan, erromeria trikitilariekin.

13:15 Munoan, erromeria Iratzar taldearekin.

14:00 Musika plazan, Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin.

14:00 Musika plazan, Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin.

18:30 Iñurritzako zelaian, erromeria Bide Batez taldearekin.

20:00 Iñurritzan, Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin.

20:30 Kalejira Iñurritzatik Musika plazara.

Ondoren, Musika plazan, erromeria trikitilariekin.

22:00 Munoan, dantzaldia Iratzar taldearekin.