Aurtengoan guztira hamar saio egingo dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan zehar, eta 28 bertsolarik hartuko dute parte. Azaroaren 21ean jokatuko da finala, Donibane Lohizuneko Jai Alai ezker paretan.
2020ko Xilaba aurkeztu dute, beste hainbat kideren artean, Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakari Xumai Muruak eta elkarte bereko Sustapen arduradun Ortzi Idoatek. Bertsozale Elkartearen kronikak jasotzen duenez, aurkezpenean nabarmendu dute parte-hartzaile kopurua, gazte gehiago eta neska gehiago oholtzaratuko dela aurtengoan eta hainbat bertsolarik berriz hartuko dutela parte Xilaban.
Hemen ikus daitezke arituko diren bertsolari guztiak. Gaztetasuna agerikoa da, 38 urte baititu zaharrenak. Parte-hartzaileen laurdena (28tik zazpi) da emakumezkoa aurtengoan, eta berriz txapelketa honetan taularatuko diren bertsolarien artean daude, adibidez, Xilaban azkenekoz 2012an kantatu zuten Amets Arzallus eta Maddi Ane Txoperena. Txapelketa honetan esperientzia handiena dutenak Maddalen Arzallus eta Hodei Barroso dira, biek seigarren aldiz hartuko baitute parte.
Lotura honetan ageri dira saio guztien leku eta ordu zehatzak, eta bakoitzean kantatuko duten bertsolarien izenak. Hauxe txapelketa honen egutegia:
Irailaren 19an Hiriburun jokatuko da lehen saioa.
Irailaren 26an Urdiñarben
Urriaren 3an Ainhoan
Urriaren 10ean Larzabalen
Urriaren 17an Bokalen jokatuko da lehen final herena, eta beste bi final herenak hauek izango dira:
Urriaren 24an Sohütan
Urriaren 31n Izturitzen
Azaroaren 7an Izpuran
Azaroaren 11n Bardozen jokatuko da final-aurrekoa
Azaroaren 17an jokatuko da finala, Donibane Lohizunen
Xilaba antolatzen duen Bertsularien Lagunak Elkarteko kideek adierazi dutenez, COVID-19 dela eta, "neurriak hartu eta indarrean izanen diren arauak beteko dira". Jendeari saioetara maskarekin eta goizago etortzeko eskatu diote.