argia.eus
INPRIMATU
Iraila da fruta, alaitasuna eta festa
  • "Iraila udazkeneko maiatza”, dio esaerak. Giroz hala dirudi, urte gehienetan; aurten, ordea, udaburu beroa ederki asko imitatuz joan da. Aurreko hilabeteetan eta irailean bertan ere hotz punttu batzuk izan dira eta landare batzuek lezioa eman digute.

Jakoba Errekondo 2023ko urriaren 16a

Hotza etortze horrek landareen alarma pizten du eta, zer gerta ere, uzta aurreratu egiten dute, benetako hotz sasoia etortzerako haziak irauteko, eta gero ernetzeko nahikoa janari izan dezan eta behar bezala jantzita izan daitezen. Ez dezagun ahantz: landareek ez dute fruitua guk jateko edo pitar bihurtzeko ematen, beraien kastari eusteko berak bezalakoak sortuko dituzten haziak barreiatzeko baizik. Inoiz baino azkarrago heldu dira uzta asko: kuiak (Cucurbita spp.), sagarrak (Malus domestica), mahatsa (Vitis vinifera)…

Hotz horrek udazkena aurreratu egin die landareei, eta fruitua ematea bezala, negurako gainontzeko prestaketak ere aurreratu egin dituzte. Tartean baita hostoa bota ere. Ez nola hala ordea. Aurretik hostoetako energia berreskuratu eta jaso egiten dute, klorofilatik hasita, eta bide horretan beste pigmentuak azaltzen dira; bai, honezkero jabetuko zinen paisaiaren koloreak aldatu direla, aldatzen ari direla, eta eguzkiak gero eta beheragotik jotzen duenez, are nabarmenago. “Udazkena bigarren udaberria da, hosto bakoitza lore bihurtzen baita”, esan zuen Albert Camusek.

Udazkentxo horren ondoren, bigarren maiatz tankerako hori etorri da eta udaberrixka horren bi seinale nabarmen ikusi ditut. Batetik, fruitu arbola askok loraldi ttiki berri bat ireki dute; gure etxean behintzat sagarrondoek, gereziondoek (Prunus avium), iransagarrek (Cydonia oblonga) eta udareondoek (Pyrus comunnis). Bigarren seinalea ikusgarriagoa izan da: udako bero zakarrekin hostajea ia erabat ihartzeraino zapuztu eta fruituen azala zaildu eta gogortu zituzten kuiak (Cucurbita spp.) biziberritu egin dira. Izugarrizko indarrarekin hosto berritu dira eta loreak ireki eta irekitzeari ekin diete udara berri baten itxaropen handienarekin bezala. Etxeko erlezain Matteok lehengoan gauza bera esan zidan: bere baratzean ere kuiak horrelakoxe harrotasunarekin bizitzen ari direla garai hau, mundukada gerra ez balitz bezalaxe; den bakarra, garrantzitsua den bakarra, bere udaberri hori balitz bezala.

Klima eta giroa landare bakoitzak bere erara bizitzen du eta batzuen lagina besterik ez dira aipatutakoak; beste askok ez dute horrela sentitu irail hau, eta bere erara moldatu dira. Guk bezala, bakoitzak bere azala; aldamenekoa zamarrarekin eta galtza motzetan ni. Izan ere, niretzat: “Iraila da fruta, alaitasuna eta festa”.