argia.eus
INPRIMATU
Iragarri dituzte aurtengo Hatortxu Rockeko musika taldeak
  • Hatortxu Rock jaialdiaren 23. edizioa ospatuko da aurten, abenduaren 28an Atarrabian. Festibalean joko duten musika taldeen izenak egin dituzte publiko.

Topatu.eus @topatu_eus 2019ko urriaren 03a

Gatibu, Su ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Tremenda Jauria, Huntza, ETS, Iheskide, Bad Sound, Oi! The Arrase, Rotten XIII, Skabidean & The Black Birds, Nogen, Suaia eta Ama Rebel, Xabi Bandini, Koban, Nerabe, Onki Xin eta Dj Reimy dira aurtengo Hatortxuko karteleko izenak.

Elkartasun jaialdiaren 23. edizioa abenduaren 28an ospatuko da Atarrabian.  Aurtengo leloa "maitasunaren apologia" da; jaialdia "maitasun erakustaldi erraldoi" bat izatea nahi dute antolatzaileek.

Izan ere, oraindik 249 preso politiko  daudela salatu dute eta horietatik soilik lau daudela Euskal Herrian. Hamaika deportatu eta iheslariak ere gogoan izan dituzte, baita euren senideak ere: "Konponbideak beharko luke izan oraina eta etorkizunaren sinonimo" adierazi dute jaialdik o antolakuntzako kideek, "baina iraganera giltzapetu nahi gaituzte eta aurrera pausoak eman beharrean, euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta haien senideen eskubideei ere eraso egin nahi diete. Azkena, etxekoei maitasuna adierazteko eskubidea ere ostu nahi diete.

Hainbat berritasun iragarri dituzte. Aurretik zabaldu zuten Iheskide taldearen itzuleraz gain, Oi! The Arrase Mallorcako taldea 20 urte ostean oholtzetara berriz igoko dela azaldu dute. Rotten XIIIko kideei eskerrak eman dizkiete "urte zail baten ostean" Atarrabian jotzeko prest agertu izanagatik. Aurreko edizioetan 11 edo 12 taldek jo izan dute, baina aurten 18 izango dira. Gainera, bi oholtzetan banatu beharrean, hirutan joko dute taldeek. Gune berri bat ere izango da.

Sarrerak salgai daude jada interneten, Hatortxu Rockeko webgunean, eta laister izango dira ohiko saltokietan eskuragarri. Aurretiazko salmenta prezioa 20 euro izango da eta, sarrerarik geldituko balitz, egunean bertan Atarrabian 25 eurotan egongo dira.