argia.eus
INPRIMATU
Iraganera itzulia
  • Azaroaren hasieran estreinatu zuen Lur Olaizolak bere lehen laburra Zinebin. Desintoxikazio zentro batean egondako emakume baten erretratua egiten du zuzendariak, iraganeko aztarnak oinarri. Hiru Damatxok ekoitzitako lanak bere ibilbidea egin du Xixongo Zine Festibalean eta azkenengoz, Donostiako Kresala zineklubean. Martxoaren 3an ikusteko aukera izango dugu Iruñeko Punto de Vista jaialdian ere, beste euskal lan batzuekin batera.

Ainhoa GutiƩrrez del Pozo 2020ko otsailaren 18a

Hitz errepikakorren bukleak irekitzen du filma. Ahoskera perfektua da, guk geuk egin genezakeena baino hobea. Jarraian hainbat elementu tartekatzen da narrazioaren bidera eramanez: Lois Pereiro poeta galiziarraren hitzak, oroitzapen epistolarrak, artxiboetako irudiak, memoriaren paisaiak. Eta iragana kontatzen duten irudi horiek hemendik eta orainetik begiratuta daude, egungo Biurgun herriko beste kanpo paisaietan.

XULIA
Lur Olaizola Lizarralde
Iraupena: 16 min
2019

Paisaietan gertatzen da, batez ere, filma. 40 urte atzera desintoxikazio-zentroa egon zitekeen tokian eta orduan bezala, aurrera egiteko modua bilatzen du orain Xuliak. Badago zerbait, paisaiaz hitz egiten denean, barne-paisaietara eramaten gaituena. Era berean, iraganaren irudikapen bat dira orainaren deskribapenak; honek, behar dituen sakontasuna eta konplexutasuna ematen dizkio istorioari. Muntaketa lan fina dago mapa emozional horietan, non bide posible batek beste batera eramaten duen, eta aukerak zabaltzen dituen. Etorkizuna ez da inoiz ziurra izan. Kaos horretan, azken eszenak bereganatzen du indar handien: Xulia erretzen ari da, behera begira. Etenaldi bat da. Behar genuen informazio dena emana izan zaigu, eta parez pare daukagu protagonista, “orain, kudea ezazue kontatu dizuedana” esanaz bezala. Azkenean beraren begirada heltzen da, zuzena, zalantzarik gabea. Ziurtasun gabezia hori ez da argituko, baina prest gaude bizitzari eusteko.

Iraganaren eta orainaren arteko mugak eman dit atentzio handiena lan honetan. Edo muga ezak. Nola itzuli berriro gertatu zitzaigunera? Joera lanzmanniar batek eraman zituen kontzentrazio esparruetatik biziraun zuten horiek berriro erailketa puntu horietara, urteetara. Gertatutakoen memoria biltzen du bederatzi orduko Shoah lanak, eta bertan katarsia probokatzea zen Lanzmannen helburua. Ez nago ziur katarsi hori bilatu behar dugun filmaren barnean edo kanpoan; baina nago, orainak iraganari beste esanahi bat ematen diola, eta alderantziz. Finean, Heraklitoren erreka gurutzatze hura bezala. Biurguneko basoak abagune bihurtzen dira, nor bere erritualak egiteko era. Dela liburu bat, paseo bat, eskutitz bat, edo film bat.