21 eraso horietatik 7 Baionan egindakoak dira. Hildakoak, berriz, Senpere eta Miarritzekoak. Itaia Emazte Langileen Antolakunde Sozialistak datu hauek kalera atera ditu, Ipar Euskal Herriko hainbat txokotan jarri dituzten afixetan.
Itaiak indarkeria matxistaren irakurketa hau egin du: "Kapitalismoari beharrezkoa zaio indarkeria matxista, emazte langileak gehiago esplotatzeko erabiltzen baita zapalkuntza hori. Eta instituzio burgesek kapitalismoaren zerbitzuko funtzionatzen dute, borondate gutti erakusten dute bortizkeria horren kontra borrokatzeko eta badakigu borondate onarekin ere egoera ez luketela aldatzen ahalko, egiturazko arazo bat delako".
Proposamen feministei ere kritika egin diete, "ez baitute arazoa errotik jorratzen, hau da, ez dute gizarte kapitalistaren iraultzeko beharrezkotasuna emazte langilearen askapenarekin lotzen. Uste dugu, gizarte kapitalistan emazte langileak ez girela sekulan aske bizitzen ahalko, horregatik, esplotazio eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten eraikitzeko borrokatzen gira, sozialismoa litzatekeena".