argia.eus
INPRIMATU
Iragan baten konkista

Imanol Satrustegi Andrés 2024ko urtarrilaren 24a
Antso VII.a Azkarra Navas de Tolosako Guduaren (1212) irudikapen batean.

Dagoeneko ohartuko zinetenez, iragana orainaldiko gatazken joko-zelai da, izan ere, eztabaida historiografikoek ezin diote aktualitateari iskin egin. Euskal Herrian, esate baterako, agerikoak dira euskalduntze berantiarraren teoriak zein Nafarroaren konkistaren izaeraren inguruko eztabaidek dauzkaten inplikazio politiko eta identitarioak.

Espainian antzera gertatzen da. Han duten eztabaida historiografiko gogorrenetako bat Errekonkistaren ingurukoa da. Iberiar Penintsulako lurralde zabalak 711. eta 1492. urteen artean Al-Andalusen, hau da, erresuma musulmanen, mende egon ziren. Bada, Errekonkista esaten zaio iberiar penintsularen iparraldeko erresuma kristauek Al-Andalusen aurka egindako kanpaina militarrei eta mendez mende gertatutako konkista prozesuari.

Kontua da, Errekonkista kontzeptua historikoa baino historiografikoa dela. Antza denez, ez zen erabiltzen XIX. Mendean Estatu-Nazio espainiarra eraikitzen hasi zen arte. Nazionalismo espainol kontserbadore eta katolikoak nazio identitatea sortzeko etsai komun bat baliatu zuen, Espainia “islamaren aurkako borrokan eraiki” zelakoan. Erdi Aroko erresuma kristauen patu historiko komuna, tartean Nafarroako Erresumarena ere, musulmanek bidegabeki ebatsitako lurraldea berreskuratzea litzateke. Geroago, historiografia eta irakaskuntza frankistak Errekonkistaren narrazioa berrerabili eta sakondu zuen nazionalismo espainolari kutsu epikoa emateko.

Alejandro Garcia Sanjuan historialariaren arabera, hiru jarrera historiografiko daude Errekonkistaren inguruan. Kontzeptuarekin kritikoak direnek diote Errekonkista kontzeptua alboratu behar dela, duen kutsu ideologiko estrukturalagatik. Halaber, Erdi Aroan ez bide ziren kontziente patu historiko nazional baten partaide zirenik, eta gainera, prozesu oso luze eta konplexua izan zen, etenez eta atzerakadez josia; esate baterako, erresuma kristauen arteko gatazkak edo musulmanen eta kristauen arteko aliantzak ohikoak izan ziren.

Beste batzuen ustez, aldiz, Errekonkista egitate historiko eztabaidaezina da. Izan ere, garai hartan hitza bera erabili ez bazuten ere, erresuma kristauetako eliteek justifikazio ideologikoak baliatu zituzten beren espantsionismo militarra legitimatzeko, esanez, besteak beste, Bisigodoen Erresumaren ondorego zuzenak zirela. Ondorioz, Errekonkista hitzari duen karga ideologiko atzerakoia kendu nahi diote, aurreiritzirik gabe erabili ahal izateko.

Alabaina, hori gertatzetik urrun, Errekonkistaren inguruko diskurtso atzerakoiak, historiagintza akademikoan gutxiengoan egon arren, gero eta gehiago erabiltzen ari dira gizartean zein politikan. Azken hamarkadatan, herrialde arabiar eta musulmanetatik lan-indar merkea inportatzen dugu eta fundamentalismo islamikoaren gorakadak zirrara handia eragin du Mendebaldean. Eskuin muturrak bi fenomeno horiek baliatu ditu, Errekonkistaren sinboloekin batera, arrazismoa eta xenofobia zabaltzeko; ez bakarrik Espainian, baita Frantziako Errepublikan ere. Han Eric Zemmourrek Reconquête! Izena jarri dio bere mugimenduari. Ez da kasualitatea.