argia.eus
INPRIMATU
Irabazi nahi dituzu 257.000 euro urtean?
  • Alibaba Txinako multinazional erraldoia da eta Hong Chak (goitizena da) han egiten du lan. Dioenez, tituluko dirutza horren bueltan irabazi izan du bi urtez. Taldeko Cainiao logistika filialean egin izan du lan Hanzhou-n, 20 urtetan biztanleria hamar aldiz handitu duen hirian. “Kultur mailari dagokionez, hiria ez dago Shangairen mailan, baina merkataritza elektronikoa eta ekonomia berria gainezka ditu, Ma-k berak bezala”. Ma, Jack Ma da, izugarri aberatsa, Alibabako sortzaile eta burua. Alibabak 122.399 langile ditu.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko martxoaren 30a

Munduan barrena dabil Ma, gaur Moskun eta bihar New Yorken, orain Donald Trumpi hurrengo bost urteetan AEBetan milioi bat lanpostu sortuko dituela esanez edo geroxeago ziria sartuz: “Ez duzue globalismoa ondo bideratu, azpiegituretan beharrean -esaten die AEBko agintariei harro– gerretan inbertitu duzue, ulertu gabe globalismoak inklusiboa ere behar duela”.

Diruaz gain, lana, lana eta lana izerditzen du Ma-k azaleko poro guztietatik: “Iaz 867 ordu pasa nituen hegazkinetan. Alibaban gau eta egun ari gara lanean. Gaur gogorra da, bihar gogorragoa eta etzi zoragarria izango da”.

Lanarena ez da inongo broma, ondo dakite bere konpainiako langileek, “996 araua” oso argia da: goizeko 9etatik gaueko 9etara egiten da lan, 6 egun astean. Lana eta lehia, horra arrakastaren sekretuetakoak, baina lehia ez kanpokoekin bakarrik, baita barrukoekin ere, eta akaso gogorrago. Hala kontatzen du Hong Cha-k: “Alibabako arkitektura oso zentralizatua da, Txinan nirea bezalako 10.000 lanpostu daude, P8 izenekoak, baina bakarrik 300 edo 400 bat P10-ekoak [goragoko maila]. Azken honetan da nire nagusia eta bere menpe zituen lau talde P8. Nagusiaren erranetan, talde bakar bat pasatuko zen P9ra. Armailean gora egiteak soldata igotzea eta akzioak bikoiztea esan nahi du. Irudika ezazu lehia”.

Lana, lehia… eta ebaluazioak, goikoen azterketa ezin zorrotzagoak. Hemen ere zenbakiak maite dituzte: 3-6-1: “Zuzendarien %30ak bikaintasun izendapena du; %60k balekoa; eta %10a ez-gai da. Azken maila honetan bi urte pasatzen badituzu enpresa utzi behar duzu”.

Martxoko Le Monde Diplomatique-n [gaztelerazkoan irakurri dut nik] Jordan Pouille kazetariak idatzitako artikulu arras interesgarrian topatu ditut bitxikeria hauek eta ileak tente jartzeko moduko beste hamaika kontu. Hong Cha, dena den, pozik da: “Egia esan, egiazko esklaboak Pinduoduon [Taobao-ren low cost lehiakidea] daude. Hauek hilero 330 ordu sartzen dituzte eta enpresako arauak inposatzen die afalduta etxeratzea”.

Horiek eta beste hamaika harribitxi ari nintzen irakurtzen, noiz eta ARGIAn antolatutako jardunaldietan gure balore kooperatiboez ari ginenean, gure proiektuaren jabetzaz, gure kazetaritza independentea ahalbidetzen duena, lehian baino elkarlanean oinarritua, berdintasunean, horizontalitatean, askatasunean… eta bai, nire burua engainatu barik, sarri lan asko eginda ere bai, orain bezala, oporren aurretik artikulu hau desordutan amaitzen ari naizela, biharamunean udaberria mendian harnastuko dudalakoan.

Eta pentsatu dut, gure loria eta miseria guztiekin, Hong Cha-ren aldean zorte handikoa naizela, garela, ARGIAko langileak.