Bartzelonako Guanyem edo Madrilgo Ganemos plataformen izena bere eginez, Ezker Anitzak eta Equo ekologistek “Irabazi-Ganemos Euskadi” izenpean udal-hauteskundeetarako hautagaitza irekiak bultzatuko dituzte.
Irabazik hiru aldundietara eta posible den herri guztietara iritsi nahi du. Garak jaso duenez, Equoko Juantxo Lopez de Uraldek Ezker Anitzarekin eta Alternativa Republicanarekin lortutako akordio baten fruitua da.
Podemosek europar hauteskundeetan izandako arrakastak modu horretako plataforma parte-hartzaileen sorrera indartu du. Irabazi Euskadin ere parte-hartze herritarra izango da zutabe. “Herritarrei, talde sozial eta kulturalei, alderdi ezkertiar alternatibo eta ekologistei zuzenduta” dagoela argitaratu du Garak.
Bilbon indarrik handiena
Irabazik Bilbon egin du ibilbiderik luzeena oraingoz; hiru aldiz batzartu dira dagoeneko, eta pixkanaka beraien helburuak zehaztu dituzte.
Azken batzarrera 80 pertsona gerturatu dira, antolakundeak berak adierazi duenez.
Irabazi Euskadi aipatutako hiru alderdiek osatzen badute ere, Bilbo Irabazik plataforma independentea dela adierazi du, inongo alderdi politikorekin loturarik gabea.