argia.eus
INPRIMATU
“Irabazi egin dugu”: Burlatako etxegabetzea gelditu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
  • Genero-indarkeriaren biktima den emakume bat eta haren bost seme-alabak, horietatik hiru hemezortzi urte beherakoak, etxetik bota nahi izan dituzte ostegunean. Erabakia aurrera eramateko baldintzarik ez zegoela argudiatuta ez dute kaleratzea burutu, baina beste data bat finkatuko dute.

Julene Flamarique 2025eko urtarrilaren 30
Basilio Armendariz kalean egindako elkarretaratzea Gedar

Burlatan etxegabetze bat geldiaraztea lortu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, ostegun goizean 100 bat lagun mobilizatu ostean. Elkarretaratzea egin dute Basilio Armendariz kalean, segizio judizialak desalojoa betearaz ez zezan. Deialdia 9:00etan egin dute, eta jendetza handitzen joan da denborak aurrera egin ahala.

Aurreikusitako ordua baino minutu batzuk geroago iritsi da epaitegiko segizioa, eta manifestariak bertan zirela ikusita, etxegabetzea bertan behera uztea erabaki du. Ostegunean "ez zegoen baldintza egokirik kaleratzearekin aurrera egiteko," eta beste data bat finkatuko dutela adierazi dute, sindikatuko kideek jakinarazi dutenez. Hori eragozteko mobilizatzen eta antolatzen jarraituko dutela ziurtatu dute: "Hemen egongo gara berriz, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu etxegabetzea berriz gelditzeko".

Etenaldiaren berri izan ostean, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eskerrak eman dizkie deialdira joan direnei, eta antolatzearen azpimarratu du. "Gaur irabazi egin dugu", esan dute eta etxegabetzea etorkizunean gauzatu ez dadin lanean jarraituko dutela azpimarratu dute.

Ezin zaio pertsona zaurgarrien etxegabetzeetarako luzamendua ezarri

Genero-indarkeriaren biktima den emakume baten eta haren bost seme-alaben etxegabetzea da ostegunean saiatu direna. Seme-alabetako hiru hemezortzi urtetik beherakoak dira. Sindikatuak azaldu duenez, egoera 2013an hasi zen, emakumea eta orduko bikotekidea etxebizitzan sartu zirenean jabearekin ahozko akordio bat eginda, erasotzailearen senidea dena. Urteetan alokairua ordaindu badute ere, kontratu formalik ez izateak legearen babesik gabe utzi ditu.

Egoera okertu egin zen emakumea indarkeria matxistaren biktima zela aitortu, eta, ondorioz, erasotzailea kartzelan sartu zutenean. Urruntze-agindua ez dago indarrean jada, antolakuntzatik adierazi dutenez. Orain, jabeak etxetik kaleratu nahi ditu, etxebizitza saltzeko asmoa duela argudiatuta, eta horrek babesgabe utzi du ama; izan ere, maizter formal gisa aitortuta ez dagoenez, ez zaio pertsona zaurgarrien etxegabetzeetarako indarrean dagoen luzamendua aplikatzen.

Jarraian Ahotsa.info-k goizak emandakoaz egin duen erreportajea.