argia.eus
INPRIMATU
Irabazi ala galdu, Trump adierazle, eredu eta ikono

Sonia González @sonetska 2020ko azaroaren 04a

Nire ingelesa hobetu behar nuela eta pelikulak jatorrizko bertsioan ikustea nahikoa ez zelakoan, egun batean ekin nion zer eta Trumpen speech-ak entzuteari. Bai, badakit, nire “frikitasunak” ez bide dauka mugarik. Mugatuta, egon, gizon horren berbaera erraz eta txiroa dago. Listen and repeat egokiak, beraz. Ze momentutan! Ze momentutan hasi nintzen hauteskundeetara arteko bidaia zoragarri horretan, zoragarri hitzaren esanahi eroenean, noski.

Hau idazten ari naizen momentuan oraindik ez dakigu zer ote den gertatuko: Trumpek galdu ala irabazi. Biden tangentziala da. Eta, jakina, ez dakigu zer gertatuko ote den Trumpek galduz gero, onartuko duen ala ez, nora arte asaldatuko duen giroa, xaxatu dituen gizon armatuen taldeak matxinatuko ote diren... Txakur zaunkariegia, seguruenik. Beste lau urtez agintean egotea arriskutsua izanagatik ere, muturreko posizio horiek sustatu eta indartu izanak du garrantzia, hala ere.

Trump faxismo berriaren adierazle nagusiena da. Badira, izan dira eta izango dira bere antzekoak, baina kasu honetan Amerikako Estatu Batuetako presidenteaz ari gara, horrek daukan esanahi guztiarekin. Eta, Trump sortzailea ez bada ere, Europa ere jotzen ari den mugimendu oso batek eredu eta ikonoa topatu du berarengan.

"Mundua zeharkatzen duen uholde faxista berri bat, posible izateaz gain, martxan ere badago, indar politiko, ekonomiko eta sozial handia lagun"

Morroi aproposa izan zen presidentziara bideratzeko lehen momentutik. Self-made man-a guztiz, baina terminoari askok ematen dioten esfortzu konnotazioetatik urrun, bizi osoa bere burua fabrikatzen eman duena. Abortuaren alde egotetik, kontra jartzera; demokratei diru askoz gehiago ematetik, alderdi errepublikarretik aurkeztera... Ez pentsa printzipio sendorik ez daukanik: gizon zuri aberats moduan duen edozein botere eta pribilegio dira bere printzipio sutsuak.

Morroi aproposa izakeraz: megalomano eta soziopata, nartzisista eta lotsabakoa, burutik pasatzen zaion edozer esateko kapaza, bere gaitasunik ezaz harro. Halaxe bihurtu da ikono. Ikusi besterik ez dago Alemanian eta Europako beste bazter batzuetan Trumpen irudi eta leloen peko manifestariak.

Eredu, moduetan inork baino hobeto asmatu duelako. Izan ere, mugimendu honen funtsak ez dira albiste: ultranazionalismoa, arrazakeria eta matxismoa; itzelezko polarizazio soziala eta kopla-buruko errudunak; harropuzkeria eta oilarkeria... baina bai da berria XXI. mendeko koiuntura historiko-sozial honetan kartak jokatzeko era: zelan erabili orain fake news deitzen diren betiko gezurrak, zelan erabili sare sozialak, zelan erabili kontsentsu sozial funtsezkoenak errealitatea bihurritzeko eta itxuraldatzeko. Mezu eta helburu zaharrak, modu eta bitarteko berriak.

Eredu politikotzat hartu dute baita Espainiako Estatuan  ere. Hala, esaterako, zentsura mozioan, Voxen propaganda momenturik garrantzitsuena izan behar zen hartan, Trumpen diskurtsoa izan zen kongresuan oihartzuna utzi zuena. Berezkotasun frankista eta kañi-ekin, baina kopia nahiko fidela. Mugimendua dira, isolatuta baino, elkarrekin harremanetan daudelako. Eta hurrengo baterako utzi beharko dugu Voxek osatu nahi duen Iberosfera delakoa.

Mundua zeharkatzen duen uholde faxista berri bat, posible izateaz gain, martxan ere badago, indar politiko, ekonomiko eta sozial handia lagun. Suposatzen dut duela mende bat halaxe gertatu zela: han-hemenka sortzen, zabaltzen, indartzen ari zela agerikoa izan arren, inork gutxik nahi zuen sinistu edo, behintzat, ez zuen ondorio horren larririk aurreikusi.