Zein gauza liluragarria argia sortzeko ahalmena izatea, ezta? Ipurtargiak, kakalardoen familiakideak, lehorreko izaki dirdiratsu ospetsuenak dira; baina itsasoan ere badira, ozeanoetan, distira egiten duten hainbat izaki biolumineszente.
Taldea: Itsas dinoflagelatua /Protista: animalia, landare edo onddo ez diren organismoak.
Neurria: 200-2.000 mikrometro artean.
Non bizi da? Itsaso zabalean, modu pelagikoan, ur bero, hotz eta epeletan.
Zer jaten du? Planktona: diatomeoak, dinoflagelatuak, baita bakterioak, kopepodoak eta arrain-arrautzak ere.
Marea gorrien sortzaile da: Espezie honen elikagai-iturri nagusi den planktonaren kontzentrazio altuek, eta urtaroko aldeko baldintzek, malko urdina masiboki ugaltzea eragiten dute eta, ondorioz, “marea gorria” izenez ezagutzen den fenomenoa sortzen da.
Itsas animalien %76 biolumineszenteak dira, tamaina guztietakoak, krustazeo txikienetatik marrazo handietara, eta tartean baita txipiroi erraldoiak ere. Beraz, itsasoa “ipurtargiz” betea dagoela esan dezakegu, nahiz eta ez diren errazak ikusten, gehienak ur sakonetako espezieak baitira.
Baina nola sortzen du izaki bizidun batek argia? Naturak hainbat modu aurkezten dizkigu. Fotoforoa, substantzia kimiko jakin batzuen bidez (adibidez, luziferina) argia igortzen duen organoa da, itsas animalia batzuetan argi-puntuz osatua agertzen dena; arrainetan eta zefalopodoetan ikusten errazak izaten dira. Organo hau sinplea edo giza begia bezain konplexua izan daiteke, lenteak, kolore-iragazkiak eta islatzaileak baititu. Bestalde, badira beste hainbat animalia, argia, harrapakinen liseriketan xurgatzen dituzten substantzietatik abiatuta sor dezaketenak, espezializatutako zelulen bidez (fotozitoak), nahiz organismoak dituen bakterio sinbiotikoen laguntzaz.
Biolumineszentzia duten animalia entzutetsuenen artean, arrain abisopelagikoak daude, hau da, ozeanoetan, eguzki argirik iristen ez den 4.000-6.000 metro arteko sakoneratan bizi direnak. Bestalde, arrain lofiformeek, haragi distiratsuko beita bat dute, harrapakinak erakarri eta haiek irensteko, arrantza-teknika aurreratua bailitzan. Oroitzen Nemo-ren filmeko linterna-arrainaz? Bada, arrandegietan erosten dugun xapoa (Lophius budegassa) ere, familia berekoa da. Asturias parean inoiz topatu izan diren txipiroi erraldoiak (Architeuthis sp.) ere biolumineszenteak dira; horiek ere harrapakinak ehizatzeko erabiltzen dute argia. Egunez, sakonera handiko uretan egoten dira eta gauez sakonera txikiagoetara mugitzen dira, ehizatzera. Harrapakinak gerturatu ahala, argi distira bortitz batekin itsutzen dituzte, argazki kamera baten flash argia bailitzan.
Ur sakonetako marrazo batzuek (adibidez, Dalatias licha), hainbat hormonari esker (tartean melatonina edota prolaktina), argi ekoizpena kontrolatzen dute. Munduko marrazorik txikienak direnek (15 cm-koak) berriz, linterna-marrazoek (Etmopterus perryi), beren sexu organoetan duten fotoforoen argia espezie bereko kideei erakusten diete, harro, autopromozioa egiteko; horrela, ur ilun eta sakonetan bikotea topatzeko aukerak handitzen dituzte.
Ezin azken adibide hau aurkeztu gabe utzi: gure itsas “ipurtargi gazia”. Bizkaiko Golkoan badugu ipurtargien antzeko erreakzio kimikoa baliatuz argitzen den dinoflagelatu bat, malko urdina edo argi txinparta bezala ere ezaguna (Noctiluca scintillans). Itsas planktonaren parte den organismo zelulabakar honek luziferina molekularen oxidazio prozesuaz sortzen du argia. Organismo ñimiño horiek itsas azaleko bibrazioekin kitzikatzen direnean –dela olatuengatik, dela beste organismo batzuen presentziagatik–, argia sortzen dute. Gure kostaldean itsasontzi batean gauez nabigatzeko aukerarik izanez gero, hauxe, hitz gutxitan, izan dezakezun bizipena: txalupa baten muturrean, izurdeak brankako gilan saltoka, ilargi-igitai baten argitan eta ugaztunen bizkarretan barna, planktonaren biolumineszentzia. Txinpartaz, zipriztinez eta “ipurtargi gazi”-z bustitako ikuskizun paregabea. Itsasontzirik ezean, beste aukera, hondartzara iristen diren olatuek dakarten argia kontenplatzea. Baina, hori bai, hondartza basati samar batean beharko du, argi-kutsadurarik gabe, bestela, gure baitan pizten diren bazter miresgarri horiek ez baitira hain erraz ikusten.