argia.eus
INPRIMATU
Ipularra da etorkizuna
  • Espainia aldean ikerketa interesgarri bat egiten ari dira. Soroen edo elgeen inguruan landare jakin batzuen haziak erein dituzte. Landareak ez dira uzta jasotzeko asmoarekin jarriak. Helburua albo mesedeak edo zehar mesedeak sortzea da. Batez ere intsektuak erakarri nahi dira, polinizatzaileak barne, eta haien atzetik txoriak.

Jakoba Errekondo 2021eko maiatzaren 27a
Mitxoletak galsoro baten ipularrean.

Alorrak zenbat eta txikiagoak eta orduan eta emaitza hobeak lortzen dira: intsektu polinizatzaile eta txori gehiago. Nabarmen emendatzen da bioaniztasuna.

Europako Nekazaritza Politika Bateratu berrian argi eta garbi adierazten da nekazaritzaren eta bioaniztasunaren arteko uztarria, eta nekazaritza jardueran lehen aipaturikoa bezalako lanak hartuz gero trukean jasoko den dirulaguntza handiagoa izango da.

Espainian egin den ikerketa hori nekazaritza sindikatu batek sustatu du eta dotore asko dio egitasmoaren arduradun teknikoak: “Naturalki iraunkorrak izateko, aurrera egin behar dugu, ez itxi ateak eta nekazariek egin ditzaketen jarduera onak ikertu".

Horrelako ekimenek ondare naturala eta bioaniztasuna sustatzeko eta zaintzeko aurrerapenak dakartzate, eta era berean klima aldaketaren aurka egin eta ekonomia berdea bizkortzen dute.

Gure inguruko nekazarien elkarteek zer ote diote horrelako ekimenei buruz? Intsektuak, polinizatzaileak, txoriak, ondare naturala, bioaniztasuna, klima aldaketa, ekonomia berdea eta horrelako hitzekin bati baino gehiagori ilea laztuko zaio, eta ez daukanari haserrearen sua piztu eta haren kea urrutitik igarriko zaio.

Soro ertzean landare batzuen haziak zabaltzea eta haien loreak zabaltzen uztea besterik ez da. Baina loreak eta haien polinizatzaileak eta haiek erakartzen dituzten txoriak buruan ere kabitu egin behar baitira...

Soro ertz edo soro bazter ziztrin bat da jendearentzako garai batean ipularra zena. Ipularra horixe da, soroan lan egiteko (gurdiak, idi-parea goldearekin...) inguruan nahitaez behar den landu gabeko zirrindara. Hor hazten ziren bioaniztasuna aberasten zuten landareak, eta askotan zuhaixkak, fruta arbolak eta zuhaitzak ere izaten ziren. Mugak indartzeko hesiak edo landaresiak ere jartzen ziren bestelako animalia laguntzaileak ere erakartzeko: triku, harrapari eta abar.

Ipularra da benetan nekazaritza iraunkorra eta gure eta ondorengoen bizitza kalitatea bermatu nahi dituenak egin beharko lukeena. Uztaren emana bezain garrantzitsuak diren beste emari batzuk ekarriko dituen ipularra. Itelur eta italar ere esaten zaion ipularra.