Karrikiri elkarteak antolatuta egingo da ekimena ostegunetik igandera, eta haur eta gazte literaturan oinarrituta hamaika ekitaldi egingo dira Iruñeko Alde Zaharrean eta Geltokin, hiriko autobus geltoki zaharrean.
Ipuinak ahoz aho eta belarriz belarri mugitu nahi dituztela adierazi dute Karrikiri elkartekoek, eta asmo horrekin, haur eta gazte literaturarentzako unibertso txiki bat sortuko dutela Iruñerriko Alde Zaharrean: "Ipuinekin amesten duzuenok,ipuinekin bizi zaretenok, jakin-mina duzuenok… guztiok gonbidatzen zaituztegu parte hartzera"
Elkartekoek azaldu dutenez, "liburuak esaldietatik eta marrazkietatik harago doaz:bidaiak dira, mundua eta jendea ulertzeko formulak, eta, partekatzen direnean, esperientzia kolektibo berdingabea da". Horregatik, lau egun hauetan Iruñean hamaika aukera izango dira ipuinekin gozatzeko: tailerrak, kontaketak, liburu aurkezpenak, aholkularitza... eta sorpresa ugari". Haurrentzako eskoletako tailerrez gain, liburu azoka izango da Geltokin, eta helduentzako ipuin kontaketak ere bai.
Audio honetan azalpen gehiago dago eta haren azpiko kartelean programazio osoa.