argia.eus
INPRIMATU
Ipuina.eus ataria aurkeztu dute
  • Koldo Izagirren idazlearen eskutik eta Susa argitaletxearen babesarekin sortu da proiektua. Hogeita bat ipuin jasotzen ditu momentuz.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 29a

Koldo Izagirrek egin du ipuinen bilketa eta horien gaurkotze lana. Webgunean hogeita bat istorio aurki daitezke gaur-gaurkoz, baina Izagirreren asmoa hilero pare bat gehitzea da. Ostiralean aurkeztu zuen ekimena idazleak Donostiako Kaxilda liburutegian, Susako Mikel Elorzarekin.

XIX. eta XX. mendeko ipuin ugari biltzen ditu ipuina.eus atariak. 1804an Bizenta Mogel azkoitiarrak idatzitako Otsoa ta Bildotsa-tik hasita, 1993ko Inazio Mujikaren Itoak ur azalera bezala ipuinera arte.

Honela aurkezten du Koldo Izagirrek webgune berria:

Ipuina gure literatur generorik zaharrena dugu eta, aldi berean, modernoena. Ahozkotasunari zor dio bizia baina sariei eta aldizkariei esker aurkitu zuen autonomia, XX. mendean. Literaturaren garapena ordea ez baita izaten lineala, ahozkotasunera jotzen du behin eta berriz antzinako kontuak erreskatatuz edo bertsio berriak eskainiz. Tradizioa bere fantasia librearekin beti laguntzeko prest daukalako ere izan da eta da ipuina, nolabait, genero literarioa. Laburra izanik, malgutasun handia du haurren, ume kozkorren, nerabeen, gazteen eta helduen artean mugitzeko. Adinen artekotasun horrek hainbat gai, hainbat estilo eta hainbat ikuspuntu lantzeko aukera eman ohi dio ipuinari.

Aberastasun ezezagun samarra dugu, hala ere, gure genero hau.

Ahotik papererainokoa egutegietako almanaketan eta orri solteetan hasi zuen ipuinak, istorio eta pasadizo moralak edo barregarriak bideratuz. Pixkanaka, gorputza sendotu zuen aldizkarietan, estiloak zorroztu zituen sarietan, irudimena askatu zuen absurdoaren eta liluramenduaren munduan, eta nobelak jasanezina duen perfekzioa bilatu zuen egituretan. Narrazio laburrak ihes egiten die definizio akademikoei, hibridoa da, batetik bestera dabil sartu-irten fabulan, kronikan, artikuluan, gutunean edo oroitzapenean. Gure literaturaren zati garrantzitsua da, baina ez dago mereziko lukeen bezain hedatua irakurleen artean.

IPUINA.EUS honetan edertasun horren izpi batzuk eskaini nahi ditugu, apurka bada ere ikuspegi orokor eta osatu samar bat hartu ahal izan dezagun gure genero bihurri honetaz.

Katuaren irudiak Julene Azpeitiaren Poussy gaxua!, Txomin Peillenen Gatu beltza (nobela laburra? ipuin luzea?), Mario Onaindiaren Gau ipuinak liburuko portada (eta kontrastez Txakur bizimodua) eta Inazio Mujika Iraolaren Itoak ur azalera bezala dakarzkigu akordura, besteak beste. Horregatik eskatu genion Juanba Berasategiri bere katu ederra, webgune honen sarrerako zelatari misteriotsu.