Gabonak datozela eta ipuin eta jostailu ez sexistak aukeratzeko gidak argitaratu ditu Lekeitioko Udalak. Hainbat liburu eta jostailuren bidez genero estereotipoak transmititzen dira. Baina berdintasunean oinarrituriko baloreak zabaltzeko material ugari dago, horietako asko euskaraz; horiek ezagutaraztea da agiriaren helburua.
Ekimenak iaz izan zuen harrera ona ikusita, katalogoak eguneratu eta berriz banatu dira ikastetxeetan eta liburu zein jostailu dendetan.
Jostailu zein ipuinek funtzio hezitzailea dute eta bata edo bestea eskuratu baino lehen arreta jartzea garrantzitsua da. “Ez dago neskentzako edo mutilentzako jolas eta libururik. Pertsonak sexuka bereiztea erabaki kulturala da; gizonezkoak rol maskulinoetan eta emakumezkoak femeninoetan antolatzea, egungo jendartearen ispilu da”, diote Udaletik.
Jakinarazi dutenez, “ipuinak haurtzaroan irakurketari egiten zaion lehen hurbilketa dira eta horietako askok genero estereotipoak transmititzen jarraitzen dute. Pertsonaia maskulinoak ausartak, ebazpen-izaeradunak, abenturazaleak eta autonomo bezala deskribatzen dira. Pertsonaia femeninoak berriz, pasibo eta ziurtasun eta autonomia gabeko pertsonak bezala azaltzen dira. Bestalde, gizonei sentiberatasuna ukatzen zaie eta emakumea aldiz sentimentalkeriarekin lotzen dute”. Baina badira euskaraz argitaratu eta balore egokiak lantzen dituzten ipuin asko. Beraz, txikitatik parekidetasunean eta euskaraz hezteko liburuak hobesteko gomendatzen du gidak.
Jostailuekin ere gauza bera gertatzen da, izan ere, haurrek jolas eta jostailuen bitartez ingurukoekin erlazionatzen ikasten dute. Hots, pertsonen rol sozialak, autoestimua, errespetua, lankidetza eta beste hainbat balore barneratzen dituzte. Horregatik, Lekeitioko Udalak ohartarazi du oso garrantzitsua dela “erabiliko dituzten jolas eta jostailuen aukeraketa arretaz egitea, horien bitartez umeek inguruarekin interakzioa lortzen dutelako.
Ikusi hemen iazko gidak:
- Ipuin ez sexistak aukeratzeko gida
- Jostailu ez sexistak aukeratzeko gida