Korrika eta presaka ekarri dute megafonoa. Hau onartezina da. Hau ezin da onartu. Denok batera oihu egin dezagun, ezin dugu honela jarraitu. Zurean ere sartu direla? Bai arrazoi duzu, jo ditzagun txaloak zuretzat. Hurrengo astean hemen batuko gara denok eta aurre egingo diegu, bai jauna. Eta bestela, erosiko dut nik gasolina bidoia.
Polizia gehiago. Polizia gehiago da behar duguna, noski. Jada Polizia gehien dugun auzoa gara, baina Polizia gehiago behar dugu, ez naiz babestuta sentitzen eta. Nire seme-alaben segurtasunagatik, haiengatik behar dugu Polizia gehiago. Polizia gehiago kaleak patruilatzen, Polizia gehiago motoetan, kotxeetan, zaldian beharbada. Polizia gehiago pistolekin, borrekin eta taser pistolekin. Horrela bai, horrela seguru biziko gara.
Auzotik kanporatu behar ditugu. Haiek, urrun ditugun haiek auzotik urrunago behar ditugu. Ez ditut nahi nire ondoan parkean, ez eta fruta-dendan ere. Okupak dira, geure lokal hutsen okupak, ezin dutela ezer ordaindu? Bada lan egin dezatela, besteok egiten dugun bezala. Ez da arrazakeria, delinkuentzia da.
Urrutiko lurralde batetik datoz, maitia. Bai oso urrutitik, Sevilla baino urrutiago bai. Zergatik? Bada, beno, zergatik, bada han ez dagoelako bizitzerik. Ez han ez dago bizitzerik, han diru gutxi dago, eta, hemen, bada hemen diru gehiago dago. Zergatik ez dagoen han dirurik? Ba ez dakit, gerraren bat edo. Zer? Baietz, sortzen lagundu dugun gerraren batengatik edo… zergatik dituzu hainbeste galdera? Haiek urrutitik datoz, diru gabeko leku batetik eta gure dirua kendu nahi digute, beraz, urrutiago joan beharko lirateke, puntu pilota…
Eta, horrela, haurrok, gertatu zen faxismo eta arrazakeriaren gorakada gure auzoan. Ipuin bat izatea gustatuko litzaiguke
Puntu pilota. Eta, horrela, haurrok, gertatu zen faxismo eta arrazakeriaren gorakada gure auzoan. Ipuin bat izatea gustatuko litzaiguke. Hilen gauean haurrak beldurtzeko ipuin bat, haurrek faxismoa eta arrazakeria borrokatzen ikasteko ipuin bat.
Eta nire auzoan astero manifestatzen dira, auzoko lokaletan bizi diren migratzaile eta pobreak kanpora bidaltzeko. Agian nahi lukete Albanian Italiak eraiki dituen kontzentrazio esparru horietakoren batera bidali, edo zer dakit nik. Agian ez dute ikusten haien begietan dagoela gu ere bihur gaitezkeen hori. Miseria gorputzez gorputz erraztasunez pasatzeko garai aproposa da gaur egungoa. Agian uste dute horiek joandakoan amaituko direla guztion arazoak. Agian ez dakite guztiok itotzen gaituen sisteman ez dagoela magia bidez amaitzen den arazorik, guztiok batera kontra egitea edo ezer ez.
Guztiok batera kontra egitea edo ezer ez. Denok batera baina udaletxera. Bai, denok batera udaletxera. Edo hobeto, diputaziora. Ez, ez, legebiltzarrera, gobernura, banketxeetara, multinazionalen egoitzak dauden eraikin altuetara, geure auzoetan ez dauden aberatsen etxe erraldoietara. Hori da, bai, bai. Joan gaitezen plan batekin, egin dezagun plana bai, eta joan gaitezen etxez etxe, tinbrez tinbre, plana azaltzen. Eta, orduan, denok gaudenean, goazen udaletxera. Denok batera kontra egitera. Eta erosiko dugu bai, gasolina, baina lokalak ez dira kiskaliko, ez, udaletxeko eserleku bakoitza erraustuko dugu…
Beraz, haurrok, garrantzitsuena zera da, gogoratzea, badirela errealitate bihurtu beharko genituzkeen ipuinak ere. Gutaz dihardutenak, egin beharko genukeen horretaz.