argia.eus
INPRIMATU
IPCCko adituek ohartarazi dute: “12 urte besterik ez dauzkagu klimaren beroketa katastrofikoa saihesteko”
  • Munduak Klimaz dauzkan aditu nagusiek, Nazio Batuen Erakundearen IPPC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ohartarazi du planetak ez dauzkala 12 urte baino gehiago beroketa globalaren muga 1,5ºC-ren mugaren azpitik atxikitzeko. Hortik aurrera, gradu erdiko edozein igoera aski izango da milioika jende harrapa ditzaten lehorte, uholde, muturreko beroaldi eta pobreziak.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 08a

Astelehenean plazaratu du Nazio Batuen Erakundearen IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ohar berri bat, adieraziz denbora oso gutxi geratzen dela klimaren aldaketan 1,5ºC-ko berotzeak hurrengo jauzi kualitatiboa eragin baino lehen. Koriako Incheon hirian larunbatean burututako biltzarraren amaieran zabaldu du IPCCk ohar berezi hau. Nazio Batuen Erakundeko Irazkari Nagusi Antonio Guterresek bat egin du adituon deiarekin:

"6.000 erreferentzia zientifiko baino gehiago bildu eta aztertuta, eta mundu osoko milaka adituren gomendioak bildu ostean, agiri garrantzitsu honek erakusten du IPCCk daukan garrantzia", esan du Hoesung Lee IPCCren lehendakariak. Azken idazketan 40 herrialdetako 91 edituk hartu dute parte, erantzunez 2015ean Parisko Itunaren sinatzaileek egin zieten eskaria. Kontua da Parisko Ituna sinatu zenetik, sakondu egin dela klimaren adituen eta zenbait politikariren arteko leizea, AEBetan Donald Trumpen hautatzeak erakutsi duen moduan, edo Brasilen lehendakari izateko aukera handiak dauzkan Jair Bolsonarok klimaren politiketan agindu dituen atzerakadek irakurtzen duten gisan.

IPCCren oharrean (hemen aurki daiteke osorik) garbi adierazten dute ez dela dozena bat urte baino geihago geratzen erreakzionatzeko, hori ezean lurraren bataz besteko tenperatura 1,5ºC-tan berotuko da eta hortik aurrera gradu erdiko aldaketa bat aski izango da gisa askotako hondamendiek milioika herritar kolpatzeko, orain arte munduak ikusi dituen katastrofeak beste maila batean kokatuz.

Dagoenekoz Lurra gradu bat beroago dago industrializazioa hasi aurretik baino, eta ondorioz hasi da ikusten katastrofeen ugaritzeak: urakan gogorragoak AEBetan, lehorte harrigarria Lur Mutur Hiri inguruan, oihanetako suteak Artikoan... IPCCk bere oharrarekin, berresteaz gain klima dagoeneko aldatzen hasia dela, orain bere iragarpenak maila batez larriagotu ditu, aurreratuz datozen 12 urteetan neurri eraginkorrak ez hartzekotan, horti aurrerako gradu erdiko edozein igoerak asko gaiztotuko dituela kalteak. Horrela, beroketak 2ºC harrapatzen baditu 1,5ºC-ak harrapatuta jende kopuru bikoitza kaltetuko du, ehunka milioi jende gehiago janari eskasiak eta klimagatiko txirotasuna jasan beharko dutenak.