Hori da AFP agentzia frantsesak IPCC (Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea) prestatzen ari den azken txostenaz egin duen filtrazioaren titulu nagusia. Erakunde hau klima aldaketa aztertzen duen munduko garrantzitsuena da eta amaitzen ari da bere zazpigarren txostena.
Berez, filtrazio hau politikarientzat prestatzen den txostenaren aurrerapena da eta zehatz mehatz esaten du Lurreko bizitza berritu daitekeela aldaketa klimatiko handi baten ondorioz, bizitza garatuko dela espezie berrietara eta sortuko direla ekosistema berriak. Argia da ordea: gizateriak ez du aukera hori izango.
Ohikoan ez ei da aurreratzen txostenen informaziorik, beraz, hipotesi bat izan liteke norbaitek helburu zehatz batekin filtratu izana. Zein helbururekin ordea? Uda ostean behin-betiko txostena ateratzen denean, hark ez izatea aldaketa handirik lan taldeak egindakotik. Batzuetan gertatzen ei da halakorik eta, agian, hori saihestu nahi izan du filtrazioaren egileak, oraingo txostena bereziki latza delako. Bestela esanda, txostenak azken urteetako ondorioak berresten ditu, baina adieraziz klima aldaketaren aurrean konponketa aukera gero eta murritzagoa dela, edo jadanik akaso ez dela aukerarik.
Kanadan egun hauetan 49,5 gradutara iritsi dira, han inoiz jaso gabeko tenperatura, eta hildako ugari eragiteaz gain, munduan albiste izan dira. Hala ere ohituta gaudela dirudi eta horren aurrean sinesgaitz agertzen garela dio Marta Tafalla Filosofian doktoreak, eta ez du ulertzen nola gizartea ez dagoen erabat kezkatuta datorkigun klima aldaketarekin:
"Politikari gehien-gehienak ez dirudi kezkatuta daudenik, ezta intelektual gehienak ere, mundu akademikoko, kulturako eta kazetaritzako jendea ere ez oro har, edo gutxienez ez dute transmititzen. Uste dut jendea ez dagoela kezkatuta, gure gizartea biosferatik erabat deskonektatuta dagoelako, eta oso gutxi ulertzen duelako nola funtzionatzen duten ekosistemek, ez baitu ulertzen zer esan nahi duen 2 edo 3 graduko igoerak. Ingurumen-hezkuntza eta etika ekologikoa hezkuntza-sistemaren eta prentsaren eta kulturaren ardatz egituratzaile bihurtu beharko genituzke lehenbailehen. Ez badugu lortzen gizarte osoak ulertzea zein larria den kaos klimatikoa, ez da modurik egongo hura arintzeko edota horretara egokitzeko neurriak martxan jartzeko; ez dakit oraindik posible den, gero eta zalantza gehiago ditut, baina sikiera saiatu beharko genuke".
Albiste hau osatzeko Juan Borderak Ctxt agerkarian egindako artikulu interesgarria erabili da. Bera da albiste honetan aipatu dugun filtrazio hipotesiaren egilea.