argia.eus
INPRIMATU
Iparraldeko laborariak erne Gabadi, Domintxine eta Barkoxen zer gertatu zain
  • Joan den ostiralean, ehunka laborari eta kontsumitzaile bildu ziren –hainbat sindikalista eta hautetsiz gain– Gabadi, Domintxine eta Barkoxeko etxalde banaren atarietan, gobernuaren ordezkariei eragozteko bertako hegaztiak hiltzea hegazti gripea kontrolatzeko estakuruz. Administrazioak iritzia aldatu ez eta hiru baserrien arduradunak zigorrez mehatxatu dituenez, Iparraldeko baserritarrak alertan daude berriro aurre egitera azaltzeko.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko apirilaren 18a
Laborariak eta jendarmeak aurrez aurre Barkoxeko "Uhartia" etxaldearen atarian joan den ostiralean. (Argazkia: ELB)

Gabadiko etxaldean oiloak hazten dituzte eta arrautzak komertzializatzea debekatu diete agintariek. Aldiz, Barkoxeko Uhartia-n eta Domintxineko Eihartzea-n ahateak hazten dituzte, azken horren jabe Jean-Michel Berho delarik erreferentzia ezagun bat lekuko arrazak modu iraunkorrean hazteko alternatibaz. Hain zuzen, baserritarrek saltzen dute gobernuak babestutako ahate etxalde industrialak direla gripea behin eta berriro hedatzearen errudunak, baina eritasunaren kontrolatzeko ezarritako neurriek justu baserri txiki eta jasangarriak kolpatzen dituztela.

Joan den asteburuan Iparralde osotik hurbildutako baserritarrek, lekuko auzapez eta beste hautetsik lagundurik, aurre egin zieten gobernuaren ordezkariei eta eragotzi zuten animaliak hiltzea. Baina, ELBk zabaldu duenez, “administrazioak laster ihardoki du hiru hazleak konbokatu baititu arratsalde apalean Pauen, ez aterabide baten negoziatzeko baizik eta erraiteko kabalerik ez dela gehiago izan behar hiru etxaldeetan aste hunen undarreko. Hazleek ez badute berek aterabide bat atxemaiten, administrazioa itzuliko da bazterren garbitzera!”.

Orduotan tentsio giroa nabari da baserritar txikien eta agintarien artean. ELBk horiei mezu garbia jakinarazi die: “Administrazioak auzibideak ideki nahi baditu, ehunka present izanen gira auzitegien aintzinean. Ekonomikoki hil nahi baditu hiru hazleak, isunak eta analisa gastu ezin jasanak inposatuz, jakin dezala elkartasunezko kutxak hasiak direla betetzen. Azken hiru asteetan bezala, aterabide negoziatua galdegiten dugu beren kabale sanoak atxik ditzazten hiru hazleek, zaintze egokiarerik irrisku sanitarioeri buruz”.