Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak sortutako burbuila berezia. Bertatik hamarnaka elkarte pasa ziren: Gastibeltza, Integrazio batzordea, Lapurdi 1609 elkartea edota Haur Rock. Andoni Iturriozek Larraldea bere haurrei transmititu die, eta beste xedeak dituzte leku horrentzat. Euskalgintza babestu duen leku bat galtzen du Ipar Euskal Herriak, horrenbestez.