Milaka ahate hil dituzte Frantzian hegaztien gripearen hedatzea gelditu nahian, abendu hasieran Tarn departamenduan agertutako eritasuna gero inguruko eskualdeetara zabaldu baitzen. Ipar Euskal Herriko baserritarrak ere behartu dituzte hegazti guztiak itxian edukitzera. Hegaztiak kanpoan edukiz hazkuntza naturala egiten duten hazleak krisian dira berriro, granja handietan milaka hegazti modu industrialean hazten dituzten konpainien erruz.
Iaz krisa handia sortu ondoren, hegaztien gripeak berriz kalteak eragiten ditu aurten Frantzia hego-mendebaldean. Ipar Euskal Herrian hazkuntzarik ez du jo mementoan baina neurri zorrotzak aplikatzen dituzte guziei. Milaka ahate hiltzen ari dituzte Frantzian, hegaztien gripearen hedatzea gelditu nahian. Abendu hasieran, Tarn departamenduan agertu zen lehen kasua eta laster beste lauzpabost departamendutara zabaldu zen eritasuna. Tarneko hazkuntzatik hurbil hurbila zen beste etxalde batean zeuden ahateak hortik ateratzea erabaki zuen Vivadour kooperatibak, galtze ekonomikorik ez pairatzeko baina frogatu gabe ahateak gaixorik zauden ala ez. Horrela 7.000 ahate bidaliak izan ziren beste etxalde batzuetara eta biharamunean berean hiltzen hasi ziren. Gripearen hedatzean kooperatibak ukan duen ardura handia salatua izan da.
Eritasuna zabaltzen ari zela beti, eremu handi bateko ahate guziak (gripedunak ala ez) hilaraztea erabaki du frantses gobernuak, prebentzioz. Orotarat ia milioi bat ahate hil dituzte urtarrilaren 5etik geroz. Ipar Euskal Herria ez da eremu horren barne baina biosekuritate neurri zorrotzak aplikatu behar dituzte laborariek. Neurri hauek hazkuntza industrialaren arabera finkatu direla eta ez direla hazkuntza ttipientzat egokiak salatu du joan den astean ELB sindikatuak.
Ahateak lekuz aldatzen Gerseko haztegi industrial batean. (Argazkia: NPA32)
Urtea hasi denetik, Frantziako ahate eta oilo guziak barnean atxikitzeko obligazioa badute hazleek, txori migratzaileek gripea pasazeko irriskua ez izaiteko. Hazkuntza kanpoan eramaiten duten hainbat laborarik ez dute neurri hori onartzen. «Gure ahateek kanpoan segitzen dute, barnean sartzeak ez du zentzurik. Gure abereak beti naturarekin kontaktuan izan dira eta ez dugu sekula arazorik izan», dio Jean-Michel Berho, Domintxineko ahate hazleak. Neurrietan graduazio bat behar dela dio ere Panpi Sainte-Marie ELBko idazkari nagusiak. «Nola pentsa daiteke neurri berdinak behar dituztela 300 oilo kanpoan hazten dituenak eta 30.000 oilo barnean dituenak? Irriskuak ez dira batera berdinak, beraz ez da onargarri denei gauza berdina inposatzea», dio Landibarreko laborariak, gastu ekonomikoak ere direla azpimarratuz.
Foie gras egiteko ahate hazkuntza oso industrializatu dela azken hamarkadan ohartarazi dute laborariek. Hazkuntzako urrats guziak oso berezituak dira: ahateen sortzeko hazkuntzak badira, hegaztiek egun bat dutenean beste hazkuntza batetara bidaliak dira galkatzeko adina ukan arte, azken pausu honentzat oraindik beste hazkuntza batetara bidaliak dira. Alabaina, berriz garraiatzen dira hiltegira eramaiteko. Toki desberdinak gehienetan oso urruti direla bat bestetik salatu dute ELBkoek, garraio anitz dakarrela eredu horrek eta kontaminazio irriskuak ere biderkatzen dituela. «Hazkuntzak beti eta handiagoak dira ere. Anitz ahate edo oilo (hamar milaka oiloei dagokionez adibidez) eta oso kontzentratuak eremu mugatuan, hara zergatik sortzen diren eritasunak eta garatzen diren birusen mutazio genetikoak.
“Krisien iturria hau da, sistema industriala», dio ELBk. Puntako neurri higienistek ez dutela aterabiderik ekarriko uste du sindikatuak, hazkuntza modelo osoa berrikusi behar dela dio. «Gaurko neurriek hazkuntza ttipiak kaltetzen dituzte, eritasunari buru egin gabe. Sistema industriala irauli behar da, molde iraunkorrak martxan eman, antzeko krisiak urtero ikusi nahi ez baditugu».
Patrick Dagorret Irisarriko laboraria
«Jazko krisia erakaspen handikoa izan da neretzat»
Patrick Dagorret Irisarriko (Baxe Nafarroa) laboraria da. Anaia Michelekin ahateak, euskal xerriak eta ardi latxak hazten dituzte. Jazko hegaztien gripearen ondorioz, hazkuntza sisteima aldatzea erabaki dute, molde industriala bazter utziz eta hazkuntza ttipiagoarekinzirkuitu laburrean lan eginez.
Iazko krisiak gogoeta bat piztu du zuen etxaldean...
Bai horixe bera. 2007az geroz, ahateak hazten ditugu Euralis koperatibarendako, integrazioan hots molde industrialean. 3.000 ahateko hamar talde hazten genituen urtean, orotarat 30.000 ahate urtero. Dena ongi zoan iazko krisia arte: hazkuntzak hustu behar izan dira eta biosekuritate neurri zorrotzak hartu ere. Gertakari horrek aztoratu gaitu, traumatismoa sortu du ez genuelako ulertzen zer pasatzen zen eta zertan erabaki horiek guziak koherenteak ziren.
Gogoeta horietarik bihurgune azkarra hartu duzue...
Iaz saiatu naiz ulertzea zer gertatzen zen. ELBk antolatu bilkuretan ibili naiz eta ezagutzen ez nituen laborariak ikusi ditut. Batekin hitz egitean, harritu naiz jakiteaz ahateak ez zituela sekula txertatzen. Guk aldiz, txerto anitz egiten genuen. Galdegin diot ahateak ez ote ziren eritzen. Erantzun dit: «Sekula!». Harridurazko eta erakaspen handiko mementoa izan da niretzat: abereen kontzentrazioa da eritasunen biderkatzearen erruduna. Erran behar da ere ahate industrialak ahulak direla, fragilak, Formula 1 izateko selekzionatuak dira, produktibitateari emanez zailtasunari edo rustikotasunari kentzen zaiona. Molde intentsibo eta industrialean eramaiten genuen hazkuntza gelditzea erabaki dugu, tropa ttipiko ahate hazkuntza hautatuz, Kriaxera tokiko arrazakoa, zirkuitu laburrean.
Gehiegikerizko neurri higienistak salatzen dituzu ere...
Bai, abereen osagarria manera berri batez saldu nahi digute. Hitz laburrez: mikrobio eta ahateen arteko kontaktu guziak saihestu behar dira, desinfekzioa erabiliz denetan. Horrek ere traumatismoa sortzen du eta laborarien zentzu onari min egiten dio. Mikrobioak izan dira beti kanpoko ingurumenean. Abereen hazteko moldeek eginen dute abereek buru egiten dioten ala ez eritasunei, azkar diren ala ez.
Molde industrialean sartuak diren laborariak, sistimaren biktimak dira?
Gehienak bai. Badirudi kooperatiba eta talde handien mutilak garela, haien erabakien peko gara beti. Iazko diru laguntzen parte bat ez dugu eskuratua oraindik. Hazleendako zaila izanen da krisi hau eta gero berriz abiatzea ekonomikoki. Eta psikologikoki ere bai.
'Kriaxera' arrazako ahateak libre Amikuzeko etxalde batean. (Argazkia: Jean-Michel Berho)