argia.eus
INPRIMATU
Iparraldeak Elkargo Bakarra izanen du 2017an, bi baldintzak bete ostean
  • Iparraldeko udalen erdiek berezko egitura instituzionalaren alde bozkatu dute, biztanleria osoaren erdia haren alde paratu ondoren. Bardoze, Atharratze-Sorholüze, Ürrüstoi-Larrabile, Milafranga, Pagola eta Sarrikotapea izan dira aldeko azkenak. Bokale eta Domintxaine-Berroeta, aldiz, aurkakoak.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2016ko maiatzaren 04a

Ipar Euskal Herriak berezko instituzioa ukanen du 2017ko urtarrilean. Urtea amaitu bitartean, instituzio berriaren eskumenak, gobernamendu eredua eta arlo ekonomikoa zehaztu beharko dituzte. Instituzioak 100 milioi euroko aurrekontua izanen du. Egoitza Baionan izanen da.

Gaur egun dauden hamar elkargoak Elkargo Bakarrean bilduko dira, honako hiru instantziek gobernatuta: 232 kideko elkargo kontseiluak, 69 kideko batzorde iraunkorrak eta 20 kideko bulegoak. Acadie kabineteak eta Pirinio Atlantikoetako prefetak zuzendua izan da orain arteko ekimena.

Instituzio berriak Hiri Aglomerazio Elkargoen izaera edukiko du eta honako eskumen hauek kudeatuko ditu: garapen ekonomikoa, eremu komunitarioaren kudeaketa, etxebizitzaren oreka soziala, hirigintza eta hondakinen kudeaketa.

Udalerriek erabakiz gero, Elkargoak eskumen berriak eskuratu ditzake, hala nola, kultura, euskara ala mugaz gaindiko lankidetza. Halaber, Estatuak, Eskualdeak eta Departamentuak bereak dituzten zenbait eskumen Elkargoaren esku gera litezke.

Erakunde berriak bere finantzaketa bermatu beharko du, diru iturri nagusiak pertsonen gaineko eta enpresen gainekoen zergen bidez. Hauxe da puntu minberetako bat. Elkargo bakarraren aurkako hautetsiek eta enpresaburuek ez baitute ongi ikusten erakunde berriak tokiko zergak areagotu behar izatea.

Beste erronketako bat itsasaldearen eta barnealdearen arteko udalerrien oreka lortzea da. Elkargo berriak eraginkortasuna eta malgutasuna uztartu beharko ditu. Erabakiak adostea eta hauek garaiz eragiteko ahalmena berretsi beharko ditu. Erakunde berriaren aurkako hautetsiek Elkargoak gobernatzeko izan ditzakeen zailtasunetan begia ezarria baitaukate.

Azkenik, gai minbera eta garrantzizko bat: EEP (Euskararen Erakunde Publikoa) eta Elkargo Bakarra elkarrekin arituko dira hizkuntza politikaren eremuan. EEPk gaur egun egiten dituen lanetan segituko du, halaber, Elkargoak euskara eta okzitaniera sustatu beharko ditu.