Errusian Ukrainarekiko gerra-frontean arituko liratekeen iparkorear soldaduena bezalako kontakizunak entzuten direnean, kosta egiten zaio behatzaileari bereiztea zer izan daitekeen gerra-lainoak lausotzen duen errealitatea, eta zer maskirovka klasikoenekoa.
Karl von Clausewitz famatuak Nebel des Krieges, gerra-lainoa, kontzeptua sortu zuenetik, hamaika aldiz baliatu da esamolde hori, berezkoa eta zehatza duen esanahitik aldendu eta errusieraz askoz propioago maskirovka deitu ohi denarekin parekatuta. Lehenak, gerran ari denak bere errealitatea osotasunean eta zuzen ezagutzeko beti izaten duen zailtasuna adierazten badu, alderantzizko bidea egiten du bigarrenak: benetan egiten ari zarenaz edo egin behar duzunaz etsaia (eta gainerakoak) ahalik erratuen egonaraztea du delibero. Labur esanda, gerra-lainoa, ahalik itxiena, ereitea izango litzateke maskirovka edo desinformazio militarraren xedea. Gerragintza bezain zaharrak dira biak ala biak, edonola ere.
Bada, Errusian Ukrainarekiko gerra-frontean arituko liratekeen iparkorear soldaduena bezalako kontakizunak entzuten direnean, kosta egiten zaio behatzaileari bereiztea zer izan daitekeen gerra-lainoak lausotzen duen errealitatea, eta zer maskirovka klasikoenekoa. Baina ez dago beste modurik egiara hurbiltzeko.
Begiraleok ditugun “egitate” bakarrak duela hiruzpalau asteko bideotxo gandutsu batzuk –non ikusiko bailirateke soldadu iparkorearrak liratekeenak errusiar soldadu-fardelak jasotzen, Eki Muturreko punturen batean– diren arren, Mendebaldeko bozgorailuak ziurtzat ematen ari dira Ukrainako gerran zuzenean parte hartzear direla haiek. Guztien aitzindari, V. Zelenskyren gobernuak egintzat ematen du dagoeneko Kursken guduan arituko liratekeela iparkorearrak. Ez da hutsala leku-ñabardura: nazioartean aintzatetsitako errusiar lurraldea da Kursk –Donbass edo Krimea ez bezala–, eta Ipar Korea eta Errusiaren defentsa-tratatuak aintzat hartuta egongo litzateke.
Errusiak oraingoz ukatzen ez baiesten ez duen “egitate” hori interpretatzeko orduan, hala ere, sakabanatu egiten dira erabat hautuak. Kievek deritzo Errusia pott eginda legokeela errekrutatzearen alorrean, eta horregatik heltzen diola aliatu korearraren giza-erreserbari. Pentagonoaren irakurketa doiagoa da: korear armadaren interesa ere izan daiteke benetako gerra aurreratu batean bere soldaduak zailtzea. Ez da falta garia eta garoa zuzenean nahasten dituena ere. Eta litekeena da, indiar itsuen ipuinean bezala, guztiak elefante berbera eskuztatzen aritzea.
Baina, hala balitz, elefantea ez legoke Ukraina aldean, baizik Japoniako Itsasoan. Aise ahazten badugu ere, Koreako gerra ez dago kitatuta ia 75 urte betetzear denean. Eta II. Mundu Gerra bera ere hala moduz ebatzita geratu zen han. Eta akabera haren berrikuspen argi eta garbian murgilduta dago Japonia; AEBen oniritzia baino gehiagorekin. Eta Txinaren haserre ukaezinarekin. Eta...
Ekaitz handia ari da eratzen Japoniako Itsasoan behe-laino artean.