argia.eus
INPRIMATU
Ipar Mazedonia eta Albania Europar Batasuneko kide izatetik pixka bat gertuago
  • Hilabeteetan zehar Frantziako Estatuak eta Herbehereek ezezkoa eman diote bi herrialdeak Europar Batasunean sartzeari, “Batasuneko kide berriak onartzeko prozesua aldatu arte” beraien sarrera blokeatzen jarraituko zuela esana zuen Emmanuel Macron Frantziako lehen ministroak. Orain, ostera, blokeoa altxatu dute, eta horrela, negoziazioei hasiera eman ahal izan diote.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 25a
Emmanuel Macron izan da bi Estatuak Batasunean sartzearen aurkari nagusia. Argazkia: El Orden Mundial.

Bideokonferentzia bidez egin behar izan dute bi herrialdeei onarpena eman dien batzarrak, koronabirusaren krisia dela eta. Kroaziako gai europarretako ministro Andreja Metelko Zgombic izan da Batasuneko 27 herrialdeek izandako batzarreko burua. “Albiste ona, albiste historikoa bi herrialde horientzat”, deskribatu du aurreakordioa ministroak.

Bi herrialdeetako bozeramaileak ere pozik agertu dira, urtetako negoziazioak fruituak eman dituela adieraziz. Edi Rama Albaniako lehen ministroa pozik agertu da: “Albiste ona da, guk eragin ez diogun atzerapena izan badu ere”, zuzendu dio kritika beren parte-hartzea blokeatzen ibili diren estatuei.

Ipar Mazedoniako lehen ministro Olives Spasovskik “harro eguteko eguna” dela adierazi du. “Herrialde honentzako, Europarentzako eta mundu osoarentzako oso momentu zail batean asko esperotako berri polit hau jaso dugu Bruselatik. Garaipen hau 15 urtetako itxaronaldiaren ostetik dator. Bidea zabalik dugu eta norabide bakarra aurrerantza da”.

Baldintza ugari

Europar Batasunean sartzeko baldintzak gogortzea zen Frantziak Albania eta Ipar Mazedoniari betoa altxatzeko baldintza. Eta horrela egin du Bruselak, izan ere, behin negoziazioak hasita, prozesuak martxa galdu duela uste badute dena bertan behera uzteko aukera ematen baitute neurri berriek. Baita negoziazioa jada itxita badago ere.

Horrez gain, bi kide hautagai berriek Europar Batasuneko balioekiko “errespetua” erakutsi beharko dute, bai eta erreforma sakonak ezarri ere. Zuzenbideko estatuak direla ziurtarazi, merkatu-ekonomia ezarri eta Batasuneko kanpo-politikari lotu, besteak beste.

Urteak zain

2013an sartu zen herrialde berri bat Europar Batasunean azkeneko aldiz: Kroazia. Europar Batasunaren parte den Balkanetako herrialde bakarra da, baina ez gainontzekoek horrela nahi izan ez dutelako. Montenegro eta Serbia sartzeko zain daude 2013 eta 2014tik hurrenez hurren.

Are luzeagoak izan dira Ipar Mazedonia zein Albaniaren itxaronaldiak.  Izan ere, 2005etik da Europar Batasunean sartzeko proposatutako Estatuetako bat Ipar Mazedonia. Tartean izan dira erreformak, horien artean Estatuaren izena aldatzea: Mazedonia izena zuen errepublika Ipar Mazedonia da orain, Greziarekin izandako istiluak tarteko.

Albaniak 2009an aurkeztu zuen bere burua EBn sartzeko. Batasunak herrialdea hautagai bezala hartzeko, hainbat erreforma egin behar izan zituen justizia alorrean, eta delinkuentzia eta ustelkeriaren aurkako borroka indartu behar izan zituen, besteak beste.