Ipar Koreak bere instalazio nuklear nagusiaren erregaia behin baino gehiagotan eskaini zien AEBei, laguntza ekonomikoaren truke. Obamak proposamen guztiak arbuiatu zituen. Horrela azaldu du Russian Today hedabideak gaur, 2011n AEBetako Estatu Departamentuko funtzionario ohi Joel Witek Foreign Policy aldizkarian idatzitako artikulua berreskuratuz.
Witen arabera, 2010ean jaso zuten Ipar Koreako Atzerri Ministerioaren lehen proposamena. Ordaindu beharreko prezioa “garestiegia” zen, baina “negoziazioaren lehen urratsa” zela azpimarratzen du funtzionario ohiak. Ondoren, beste bi abagune gutxienez izan zituzten Ipar Koreako gune nuklear nagusia ixteko, baina ez Washingtonetik ezta Seuletik ere ez zuten aukera baliatu.
Yongbyongo instalazio nuklearraren jarduera 2007an geratu zuten, bake akordioa sinatu ondoren. Orain, martxan jarri dute berriz ere. Joel Witek dioenaren arabera, bertan garatzen duten armamentua “ez da Indiak, Israelek edo Pakistanek dutena bezalakoa”. Itxi zutenean “armamentu nuklear sofistikatua eraikitzeko gutxienezko oinarria” bazuela azpimarratu du.
Ipar Koreak gaur adierazi du Obamak herrialdea erasotzea erabakitzen badu, arma nuklearrekin AEBen kontrako ekintza militarrak hasiko dituztela.