argia.eus
INPRIMATU
Ipar Katalunian katalanezko ikastetxeak larri: babes ekonomikoa eskatu diete instituzioei
  • Milatik gora lagun bildu ziren larunbatean Ipar Kataluniako Perpinya herrian La Bressola ikastetxeak defendatzeko. Murgiltze eredua katalanez eskaintzen duten ikastetxe horiek arrazoi ekonomikoengatik larrialdian daudela adierazi dute eta erakunde publikoei eskatu diete babes ekonomiko iraunkorra emateko. Aurrekontuaren %5eko ekarpena (4,5 milioi euro) egitea eskatu diete erakundeei.

ARGIA @argia 2025eko martxoaren 17a
Ipar Kataluniako Perpinya herrian elkartu ziren La Bressolarentzat erakunde publikoei babes ekonomikoa eskatzeko. La Bressola.

La Bressola erakundeak katalanezko murgiltze eredua eskaintzen die ikasleei eta gaur egun bederatzi ikastetxe dauzka Ipar Katalunian. La Vanguardia egunkariak larunbateko manifestazioaren berri jaso du eta La Bressolako lehendakariaren hitzak bildu ditu. Guillem Nivet-ek hedabideei jakinarazi die 250.000 euroko dirulaguntzak batu dituztela, baina hala ere, La Bressola erakundea larrialdi ekonomikoan dagoela. Babes ekonomikoa, bereziki, Okzitaniako Erregioari eta Ekialdeko Pirinioetako Departamenduari eskatu diete. Ikastetxeen sarearen aurrekontuaren %5 osatzea eskatzen diete, 4,5 milioi euro. Gaur egun, Erregioak %2,6 ematen du eta Departamenduak %1,1.

Dirulaguntzetan, gora baino behera

La Bressola erakundea kexu da Perpinyako Udalak eta Departamenduak hartu duten jarreragatik. Lehenengoak dirulaguntzak kendu dizkio erakundeari, eta horretaz gain, zerga politiken ondorioz, adibidez jangelan, 150.000 euroko zuloa egin du La Bressolak. Departamenduak, berriz, 2025erako 30.000 euroko salbuespenezko laguntza onartu du. Azken hamabost urteotan, urtero, 50.000 euro eman dizkio. Kopuru hori jasotzen hasi zen La Bressola gaur egungo ikasle kopuruaren erdia, alegia, 600 ikasle, zeuzkanean. Nivet lehendakariak “lotsagarritzat” jo du 30.000 euroko laguntza, ez dela ez “nahikoa” eta ez “duina” azpimarratu du, eta gogorarazi du laguntza horren bi heren katalanaren aldeko beste eragile batzuei kendu dietela.

Elkarteko presidenteak adierazi du, manifestazioaren bidez, udalari eta departamenduari erakutsi nahi izan dietela ikastetxe sarea “bizirik dagoela” eta “garrantzitsuak direla” Ipar Katalunian katalana irakasteko eta katalanez irakasteko.

Arnasaldia

Okzitaniako Erregioak urtero 117.000 euroko laguntza ematen dio erakundeari eta manifestaziorako gutxi falta zela kopuru hori 80.000 euroan igoko zuela iragarri zuen. Erregioak adierazi du hitz egiten jarraitzeko borondatea duela. Ondorioz, La Bressolak ontzat eman du erakundearen jarrera eta manifestazioan ez dute izan fokupean erregioa.

Erakundeak argitu du bateko eta besteko laguntza bereziei esker, ekaina-uztailera arte eutsi ahal izango diotela, baina hortik aurrera ez daukatela likideziarik. Arnasa pixka bat hartzen lagundu die erregioaren ekarpenak. Bestalde, Ipar Kataluniako eta Hego Kataluniako hainbat eragileren eta udalen laguntzen bidez 100.000 euro bildu dituzte. Kataluniako Generalitateak, berriz, urteko laguntza 650.000 eurotatik 800.000 eurora igoko duela iragarri du.

1976tik katalanez irakasten

La Bressola 1976an Perpinyan sortu zen, Ipar Katalunian katalanezko murgiltze eredua lantzen duten ikastetxeen sarea sustatzeko. Gaur egun, La Bressolak bederatzi eskola ditu (zazpi eskola eta bi institutu) eta 1.100 haur inguru daude Ipar Kataluniako zazpi udalerritan.