Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak muga hori saihestu nahi du, eta Parlamentuari hitza eman Europak ezarritako legeen gainean.
Brexitaren ostean katramilatuta zegoen auzi nagusian aurrerapausoak eman dituzte astelehenean. Rishi Sunak Erresuma Batuko gobernuburuak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak hitzarmen bat adostu dute Ipar Irlandatik pasatzen diren produktuen merkataritza fluxua bideratzeko. Windsor Esparru Hitzarmena deitu diote, bertan egin baitute bilkura.
“Aurrerapen esanguratsutzat” jo du akordioa DUP Alderdi Demokratiko Unionistako buru Jeffrey Donaldson-ek, baina oraindik “kezka pizten duten gako garrantzitsuak” argitzeke daudela gogorarazi du, eta xehetasunak aztertzeko "denbora" beharko dutela. Sunakek asteartean Belfasteko prentsaurrekoan ziurtatu du “denbora eta espazioa” emango diola DUPi, hitzarmena aztertu dezan. Espero du unionisten alderdia Ipar Irlandako Asanbleara itzultzea, hitzarmenak "Stormont-eko balazta"ren bidez Europako Batasunaren legeei betoak ezartzeko aukera ematen dielako. Horretarako, ordea, Stormonteko Parlamentua (Ipar Irlandakoa) desblokeatu behar da, izan ere, 2022ko maiatzetik asanblea boikoteatzen ari dira Irlandako unionistak, aurreko hitzarmenarekin desados daudelako.
Ipar Irlandako politikan desoreka eragin du auziak, Stormont-eko asanblea blokeatuta baitauka DUPek. Salatzen ari dira, batetik, merkantzien kontrolak eta Erresuma Batuko “barne muga”, eta bestetik, Europako Justizia Auzitegiaren etengabeko esku hartzea Ipar Irlandan. Arazoa zera da: Boris Johnsonek adostutako akordioaren arabera, Ipar Irlanda ez da irten Europako Batasuneko merkatu bakarretik, nahiz eta Brexita gauzatu. Horrek eragin zuen Irlandako Errepublikarekin merkataritza mugarik ez izatea –Europako Batasunean dago–, baina bai, ordea, Britainia Handiarekiko “itsasoko muga” sortzea. Produktuen fluxurako kontrol ugari daude.
Sunakek espero du unionisten alderdia Ipar Irlandako Asanbleara itzultzea, hitzarmenak "Stormont-eko balazta"ren bidez Europako Batasunaren legeei betoak ezartzeko aukera ematen dielako
Windsorreko Hitzarmenaren bidez “ez da muga sentsaziorik egongo Irlandako itsasoan”, Sunak lehen ministroaren hitzetan. Honela eman diote irtenbidea: produktuak, landareak eta animaliak bi bidetatik garraiatuko dituzte. Bide Berdea izango da Ipar Irlanda eta Britainia Handiaren harremanetarako; merkantziek ez dute kontrolik pasa beharko, baina Europako Batasunak informazio elektronikoa jasoko du. Bide Gorria, aldiz, Irlandako Errepublikara edo Europako Batasunera doazen produktuentzat izango da; kontrolak eta burokrazia handiagoa egin beharko dute Ipar Irlandako portuetan.
Sunakek DUPeko unionistak akordiora hurbiltzeko baliatu du “Stormont-eko balazta” deritzona. Hitzarmenean gehitu dute baldintza hori: Ipar Irlandako Asanbleak teorian betoa jarri ahalko die Europako Batasuneko merkatu bakarreko lege berriei, ikusten badu Ipar Irlandan aplikatzen ari direla eta Britainia Handiarekiko harremanean eragiten duela. Praktikan, ordea, Europako Justizia Auzitegiak izango du azken hitza.
Windsorreko Hitzarmena ez da egun batetik bestera martxan jarriko. Europako Parlamentuan onartu behar dituzte erabakiak gobernu guztiek, eta gero “progresiboki” joango dira legearen aldaketak sartzen, aurreratu dutenez.
Horrez gain, Sunakek lortu beharko luke akordioa babestea bere alderdiko kontserbadoreenek eta Ipar Irlandako unionistek, nahiz eta elkarrizketa batean ulertarazi duen babesik gabe ere aurrera egingo lukeela, The Guardianek jakinarazi duenez.