argia.eus
INPRIMATU
Ipar Irlandako gatazka armatuko auzipetzeak preskribatzeko eskatu du Erresuma Batuak
  • 1998ko bake akordioa baino lehenago egin ziren krimenenen akusazioak ez lirateke epaitegietara helduko. Aldekoek, berradiskidetzarako derrigorrezko neurria dela diote; oposizioak esan du erabakia “iraingarria” dela biktimentzat. 

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 15
Irlandako parlamentua. Argazkia: Tommy Kavanagh

Ipar Irlandako gatazka armatuarekin lotura duten auzipetzeak preskribatzeko eskatu du Erresuma Batuko Gobernuak. 1998ko Ostiral Santuko bake akordioaren aurretik egindako krimenei eragingo lieke neurriak: Erresuma Batuko soldaduen eta IRAko boluntarioen aurka egindako akusazio zein epaiketak bukatuko lirateke.

Brandon Lewis Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak esan du lege hau “adiskidetzaren alde egiteko biderik onena” dela. Askorentzat onartzeko zaila izango den neurria dela onartu du, baina “errealitate mingarriaz” jabetu eta “egia” bilatzeko aukeratzat jo du. “Etengabeko auzi prozesuak askotan ez dira baliagarriak familientzat eta biktimentzat, eta iraganeko zauriak sendatu nahian dabilen gizartean aurrera jarraitzea saihesteko arriskua dago”.

2015 eta 2021 bitartean, bederatzi lagun baino ez dituzte inputatu gatazkako krimenengatik. Gainera, Ipar Irlandako Poliziak 1.200 kasu ditu esku artean oraindik, eta prozesua amaitzeko hogei urte baino gehiago beharko lituzkete. Ezarritako neurriek emandako emaitza txarren aurrean, Lewisek aldaketak behar direla nabarmendu du Komunen Ganberan.

Onartuko balitz, legea datorren udatik aurrera jarriko litzateke indarrean. Horrek esan nahi du une horretara arte zigortutakoei ez litzaiekeela indulturik emango. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak erabakia “orekatua” dela esan du, eta legearen alde agertu da, Ipar Irlandak “aurrera egitea” ahalbidetuko lukeen neurria baita.

Kontrako iritziak

BBC hedabideak zabaldu duenez, Ipar Irlandako biktimen komunitateak Lewisi erreparaziorako beste bide bat hartzeko galdegin dio. Askok “justizia” eskatu diote, eta bakea lortzeko benetan eraginkorra den modu bat bilatu nahi badu, “minak eta traumak eragin dien horiekin” hitz egiteko eskatu diote.

Oposizioak eta Ipar Irlandako koalizio gobernuko bost alderdiek ere gogor egin dute lege proiektuaren kontra. DUP Alderdi Demokratiko Unionistako Jeffrey Donaldsonek adierazi du delituak preskribatzea biktimentzako “iraina” izango litzatekeela, eta ostiral honetan Lewisekin bildu nahi du Ipar Irlandako Biltzarrean erabakia eztabaidatzeko.

Erreparaziorako beste bi bide

Berria hedabidearen arabera, Erresuma Batuko Gobernuak beste bi proposamen egin ditu Ipar Irlandako gatazka armatuaren auzian aurrera egiteko. Ikerketarako batzorde independente bat eratuko dute hala nahi duten familiek beren kasuak aztertzea eskatu ahal izateko. Bestalde, biztanle eta kaltetuek beren esperientziak partekatzeko proiektu bat ere abiatuko dute.

Hainbat absolbitu

Hil honen hasieran, Ipar Irlandako fiskaltzak karguak erretiratu zizkien hiru hilketagatik auziperatutako Erresuma Batuko bi soldadu ohiri. Aurreko apirilean, berriz, IRAko kide bat hil zuen beste bi soldadu absolbitu zituzten, prozesuko irregulartasunak medio.

2021eko otsailean Erresuma Batuko Parlamentuak kaleratutako txosten baten arabera, orain arte sei militar ohiri egotzi dizkiete karguak gatazkan izandako parte-hartzeagatik. Azken kasua 2019ko apirilean egin zen. Ipar Irlandako herri akusazioak, berriz, 26 auzipetze kasu aztertu ditu 2011tik, horietako 21, paramilitarrenak.