argia.eus
INPRIMATU
Ipar hemisferioko muturreko beroak sute handiak eragin ditu
  • Inoiz erregistratu diren tenperatura altuenak ekarri ditu bero-boladak, eta horrekin batera baso suteen arriskua areagotu da.

Ilargi Manzanares 2023ko uztailaren 19a
Greziako suteak. Argazkia: EU Civil Protection and Humanitarian Aid.

Muturreko beroak Europa, Asia eta Ipar Amerika gogor jo ditu. Gero eta ohikoagoak diren bero-boladak Ipar hemisferioan inoiz erregistratu diren tenperatura altuenak ekarri ditu. Hala nola, Txinako Sanbao herrian 52,2 gradutara iritsi da, Erroman 42ra eta AEBetako Arizonan 45,5era.

Suteen arriskua toki askotan areagotu da. Grezian hiru sute handi piztu dira, Atenastik 35 kilometro ingurura: 3.000 hektarea kiskali dira, eta bost herri ebakuatu dituzte, 1.200 haur zituen kanpalekuarekin batera. Haize indartsuen ondorioz, suhiltzaileek arazoak dituzte sua kontrolatzeko. Kalteak ez dira erregistratu oraindik, baina herritar asko etxebizitzarik gabe geratu direla uste da.

Greziaz gain, Ipar hemisferio osoan daude suteak edo suteen arriskua. Kanadan 900 foku aktibo baino gehiago daude; Suitzan ere suteak izan dira; eta Espainiako Herri-Babesak tenperatura altuek ekarri ditzakeen suteen arriskuaz iragarri dute.