Emakumeen Mundu Martxak hirugarren eguna egin du Euskal Herrian. Kanbon, Baionan, Hondarribian eta Donostian izan zen atzo karabana feminista.
Goiza Baionan igaro zuten martxako kideek. Txalapartarekin egin zioten ongi etorria, eta Herriko Etxearen plazan elkarretaratzea egin zuten hamarka emakumek. Ekitaldiaren eta landaketa sinbolikoen ondoren, bazkaria izan zuten.
Hondarribiara arratsaldeko 17:30ean iritsi zen martxa. Hango emakume baserritar batek haziaren ekarpena egin zuen, eta martxako liburua sinatu eta gero Donostiara jarraitu zuen karabanak.
Eguna Gipuzkoako hiriburuan amaitu zuen Emakumeen Mundu Martxak. Martuteneko kartzela parean bizikleta martxa batu zitzaion karabana feministari, eta Boulevarreraino elkarrekin joan ziren. Han, ongi etorri jendetsua egin zioten karabanari, txalo artean. Batukada feminista ere han zen giroa alaitzen. Boulevarrean ekitaldia egin zuten: maiatzean hil zen Maixabel Gaztañaga Donostiako hezitzaile feministari omenaldia egin zioten, besteak beste. Eguna ongi amaitzeko afaria, karaokea eta festa izan zituzten Guardetxean.
Atzo sartu zen martxa Gipuzkoako lurretara, eta han jarraituko du gaur egun osoan. Goizean Oreretan izanen dira martxako kideak, eguerdia Zumaian eginen dute eta arratsaldean, berriz, Hernani eta Tolosara iritsiko da karabana feminista.