argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herrirako etxeratze-agindua ekainaren 2an bukatuko da
  • Hamar kilometrotara mugaturiko konfinamenduak maiatzaren 3a arte iraunen du. "Progresiboki" eta "faseka" eginen da deskonfinamendua, eta urrats ezberdinen berri emanen du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak apirilaren 30ean.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko apirilaren 29a
Castexek plazaratu ditu deskonfinamenduari buruzko ardatz orokorrak; Macronek zehaztuko du guztia bihar

COVID-19 izurritea azkar dabil oraindik Frantziako Estatuan –31.500 kutsatze berri azken 24 orduetan eta oraindik 2.700 lagun baino gehiago Zaintza Intentsiboetako Unitateetan eta intzidentzia-tasa 301,6koa–, baina badirudi Frantziako Gobernuak erabaki duela deskonfinamenduari lotzea: maiatzaren 3rako finkatu du hamar kilometroetako konfinamenduaren bukaera; ekainaren 2tik aitzina ez da gehiago etxeratze-agindurik izanen eta tartean, pausoz pauso taberna, jatetxe eta kultur-guneek irekitzeko baimena eskuratuko dute.

Zehaztasun guztiak emanen ditu Emmanuel Macron presidenteak apirilaren 30ean, baina aldi guztiz bezala, mainstream komunikabideei esker herritarrek xehetasun guztiak jaso dituzte aurretik. "Progresiboki" eta "faseka" eginen da deskonfinamendua, Jean Castex Lehen ministroak zehaztera eman duenez. Orain arte hetsirik diren kirol-gune, kultur-gune eta komertzio batzuen irekitzea ere abiatuko dute maiatzaren 3tik aitzina, baina hor ere "pausoz-pauso", adibidez jatetxeek soilik terrazak dituzte baimendurik ukanen.

Harturiko neurriek lurralde guztirako balioko dute, baina behar izanez gero tokian toki neurri berri batzuk hartzen ahalko dituzte, beti ere birusaren hedapena mugatzeko.

Frantziako Ministroen Kontseiluak larrialdi egoeratik ateratzeko lege proiektua aurkeztu zuen atzo, apirilaren 28an. Iragan otsailaren 2an luzatu zuen larrialdi egoera eta hori ekainaren 1a arte. Finkatu egun horretan bukatuko da osasun alarma egoera, baina urriaren 31a arte atxikiko ditu gobernuak neurri murritzaileak hartzeko eskumena –pertsonen zirkulazioari dagokionez baita komertzioen hesteari buruz ere–.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, datuak

Ipar Euskal Herriari dagokionez, intzidentzia-tasa 98,2koa da. Frantziako Estatuan orokorki 301,6koa da, hots Ipar Euskal Herrian baino askoz handiagoa. Orain arte, erreferentzia hau 50 baino gorago zuten departamenduak "gune gorri" sailkatuak ziren eta eskatzen zitzaien neurri gogorragoak hartzea... Baina badirudi, orain 301,6ko intzidentzia-tasarekin ere deskonfinamendua bideratzekotan garela. Txertaketa-kanpaina izanen da arrazoietariko bat segurienik: gaurko egunean, 14.500.000 herritar baino gehiagok dute lehen txertaketa jasota –lagun bat bosten gain–, eta 5.800.000 bigarren txertaketa dira ere eginik. Eta noski, uda dator bere turismoarekin, eta hori ere baditeke arrazoien artean... behintzat iaz horrela gertatu zen.