argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herrira bazatozte, Euskoa erabili!
  • Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako herritar usu Ipar Euskal Herrira hurbiltzen dira, bisitan edo opor laburrak igarotzeko. Deiadar egin nahi diegu: “Ipar Euskal Herrira bazatozte, zuek ere izan aktore eta eragin euskoa erabiliz!”.

Sebas Christy 2016ko azaroaren 28a

Guztiek eusko dinamikan parte hartu ahal izateko, joan den ekainean Euskal Monetak “Bisitariak ekintza” deituriko ekimena bultzatu zuen. Esperimentazio moduan abiaturiko ekintza horren xede nagusia, Euskoa, ekonomia birtokiratzeko, euskara sustatzeko eta praktika ekologiko eta sozialagoak bultzatzeko tresna eraginkorra dela, eta Euskal Herritar guztientzat erabiltzeko erraza dela ohartaraztea da.

Izan ere, euskoa ez da tresna sinboliko bat, gizarte mailan, guztiok erabiltzeko urratsa ematen badugu, bai tokiko ekonomian, bai euskararen presentzia publikoan, baita inguramenean, eta, elkarteenganako elkartasunean eragin zuzena eta eraginkorra izan dezakeen zerbait da.

Nahiz eta Ipar Euskal Herrian soilik funtzionatu, Euskal Monetak kontsideratzen du, euskoa Euskal Herriko moneta dela, eta Euskal Herritar guztien eskura dagoela. Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako herritar asko urtean behin baino gehiagotan Ipar Euskal Herrira hurbiltzen dira, bisitan edo opor laburrak igarotzeko. Bisitari ekintza horrekin deiadar egin nahi izan diegu, “Ipar Euskal Herrira bazatozte, zuek ere izan aktore, eta eragin euskoa erabiliz!” erranez.

Gaur egun, hiru mila erabiltzaile inguru, bostehun komertzio eta enpresa eta ehun eta berrogei eta hamar elkarte baino gehiagok egin dute bat eusko proiektuarekin Ipar Euskal Herrian, sare sendo bat osatuz. Bihar Hegoaldeko zein Iparraldeko herritar guztiak proiektuari lotzen badira, euskoa indartuko da, eta bide horretatik, bultzatu nahi duen gizarte proiektua ere bai.

Bisitariak ekintza zer da?

Leku jakin batzuetan (komertzioak edo Turismo bulegoak) 20 edo 50 euskoko gutun azalak daude. Gutun azal horietan, behin bakarrik erabili daitekeen 2 euroko behingo eusko kide txartel bat, 18 edo 48 eusko eta, euskoa zer den jakiteko azalpenak ematen dituen dokumentu bat daude.

Norberak, gutun azal horretan dauzkan euskoak euskoa hartzen dituzten komertzioetan edo laborariekin (Eusko aurkibideak saltegietan aurkituko ditu laguntzeko) baliatuko dituelarik euskoa erabiltzeko zein erraza den ikusiko du, eta, biharko egunean, nahi izanez gero, aldagune batetara joanez edo euskalmoneta.org webgunean eusko elkartera kidetzen ahalko da 10 euroren truke nahi dituen eusko guztiak baliatu ahal izateko.

Jakin behar da, euskoaren erreserba fondoa (trukatuak izan diren euro guztiak biltzen dituen fondoa) Caisse Solidaire (Elkartasun Kutxa) deitu kutxan sartua dela, eta Ipar Euskal Herriko elkarte eta enpresentzat maileguak egiteko baliatzen dela! Jakin behar da ere, euskotan trukatua den euro bakoitzari esker Ipar Euskal Herriko elkarte batek diru laguntza eskuratu dezakeela Euskal Monetak emanik! Jakin behar da azkenik ere, euskoan engaiatzen diren enpresa eta komertzio guztiak euskararen sustapenaren alde engaiatzen direla!

Beraz, proiektu honetan engaiatzeko arrazoiak anitzak dira, eta, euskoak, ekonomian, gizartean eta euskararen presentzian duen eragina indartzeko guztion beharra du!

Eusko bisitariak ekimenean parte hartzen duten komertzioen zerrenda:

Hendaiako Turismo bulegoa.

Ezpeletako Turismo bulegoa.

Donapaleuko Turismo Bulegoa.

Mama tabako-prentsa saltegia Saran.

Kikeran kafe saltzailea Donibane Lohizune.

Maitenia ostatu jatetxea Ziburun.

Bodega Pil-Pil ostatua Kanbon.

Xoko Ona ostatua Azkainen.

Bodega Pil Pil Kanbo.

Baiona (Espainia karrikan) Terre d'Orient edo Baionakoa.

Donibane Garazi.

Atharratze.

Xebax Christy, Euskal Monetako lehendakaria