Ipar Euskal Herrian tren geltokietako zazpi salmenta gune ixteko asmoa dagoela salatu dute CGT, Sud Rail eta Unsa sindikatuek. Itxierak lau lanposturen galera ekarriko luke, eta baita zerbitzuaren irisgarritasuna zailtzea eta geltokien "deshumanizatzea" ere, sindikatuen arabera.
CGT, Sud Rail eta Unsa sindikatuek agerraldia egin zuten ostegunean Baionan. Jakinarazi dutenez, tren zerbitzuen kudeaketaz arduratzen den Frantziako Gobernuaren SNCF enpresak Ipar Euskal Herriko hainbat tren geltokitako salmenta guneak ixteko asmoa du. Hala eginez gero, kaltetuak izango lirateke Baiona, Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia eta Akiz; sindikatuen arabera, bertako zazpi leihatila dira desagertzeko arriskuan daudenak, eta horien ixteak lau lanposturen galera ekarriko luke.
Sindikatuek agerraldia baliatu dute elkarteak, alderdiak, eta Elkargoko zein Frantziako Gobernuko hautetsiak egoeraz ohartarazteko eta interpelatzeko. Ohartarazi dute enpleguaren eta zerbitzu publikoaren aurka egiten dutela SNCFren asmoek, eta berekin ekarriko luketela geltokiak oraindik gehiago deshumanizatzea eta zerbitzuaren irisgarritasuna zailtzea.
Aipatu deshumanizazioa 2013tik martxan dagoela azpimarratu dute, eta prozesu horren adierazletzat jotzen dituzte azken urteetan egindako aldaketak: leihatiletako ordutegien murriztea eta erabiltzaileak bitarteko digitalak erabiltzera behartzea, adibidez. "Horrela, SNCFk hesteak justifika ditzake, Internet bidezko salmentaren eztandarekin justifikatuz. Erabiltzailea, beraz, saltzaileen ordez lana egitera behartua da, txartela merkeago ordaindu gabe", salatu dute. Ohartarazi dutenez, deshumanizazio hori berria ez bada ere, balizko salmenta guneen itxierak sakondu egin dezake. "Murrizketa horiek ondorio kaltegarriak dituzte ematen diren informazioetan, harreran eta beste hainbat gauzatan, hala nola elbarrituak diren pertsonen laguntzan, adibidez", gehitu dute.
Gauzak horrela, leihatilen itxieren aurrean borroka egiteko asmoen berri eman dute. Horrez gainera, iragarri dute SNCFko eskualdeko zuzendariarekin eta Akitania Berriko Eskualdeko exekutiboarekin bilkura bat egiteko asmoa duela Eskualdeko Trenbideetako Zaintza Komiteak. Komitea osatzen dute hainbat erabiltzaile elkartek eta eragile politikok.