Ekainaren 16an bidalitako gutun bidez galdetu du hitzordua Frederique Espagnac senatariak, Ipar Euskal Herriko parlamentari guztien izenean. Seaskak oraingoz ez du inolako erantzunik jaso Frantziako Hezkuntza Ministerioaren partetik.
Ekainaren 16an Seaskako guraso, irakasle eta ikasleek osatzen duten Azterketak Euskaraz kolektiboko kideek beren lehen gaua pasa zuten Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitzan, eta ordu batzuk lehenago pairatu behar izan zuten Frantziako Poliziaren indarkeria. Egun berean bidali zion gutuna Frederique Espagnac senatariak Frantziako Hezkuntza ministro Pap Ndiaye-i, hitzordu bat eskatuz. Ipar Euskal Herriko parlamentari guztien izenean idatzi dio gutuna.
Brebeta eta baxoa azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldeko borroka aspaldikoa da Seaskaren baitan. Azterketen garaia hor dutela, presioa areagotu du azken asteetan Azterketak Euskaraz kolektiboak. Ez dute oraindik erantzunik jaso, ez Parisetik, ezta ere Bordeleko errektoretzatik eta Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzatik.
Brebeta euskaraz eginen dituzten ikasleen azterketak zuzentzeko egoitza publiko bat utziko dio Seaskari Euskal Hirigune Elkargoak, ikastoletako irakasleek azterketak bertatik zuzendu ditzaten. Euskaraz egindako azterketek ez dute balio akademikorik izanen, baina bai, ordea, sinbolikoa. Lekuko instituzioaren babesa ukanik, ekainaren 15ean hasitako okupazioari bukaera eman zioten lau egunen buruan.
Brebeta ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean eginen dute ikasleek, eta zuzenketetarako egoitza uztailaren 5ean izanen dute irakasleek.