argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko osasun arloko langileek protesta eguna dute gaur
  • Konfinamenduaz geroztik finkaturiko lehen mobilizazioa dute ekainaren 16 honetakoa. Baionako suprefetura aurrean elkarretaratzea burutzen dabiltza ehundaka herritar, LAB eta CGT sindikatuen deiari erantzunez.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 16a
Osasun arloko langileen ekintza, iaz Baionan buruturikoa

Koronabirusari aurre egiten hilabeteak pasaturik, nekatuak eta haserre daude osasun arloko langileak. Egoera salatzeko karrikara aterako dira astearte honetan Ipar Euskal Herriko zein Frantziako Estatuko osasun langileak. Krisi sanitarioa hasi aitzin jada zebiltzan mobilizatzen, murrizketak deitoratzeko eta benetako zerbitzu publikoa exijitzeko. Frantziako Gobernuak ez zien kasurik egin eta poliziaren errepresioa ukan zuten maiz erantzun gisa. Izurritearen gogorrena pasaturik, aldi honetan "entzunak" izatea espero dute. Orotara 11 sindikatuk dute gaurko mobilizazioetara deitu.

Ehundaka lagun batu dira Baionan, zerbitzu publikoaren alde. Mediabask komunikabideko Goizeder Taberna egon da bertatik txiokatzen:

Ségur de la santé deitu elkarrizketa fasea maiatzean abiaturik du Frantziako Gobernuak, osasun arloan aldaketak bideratzeko asmoz.

Txaloetatik protestara

"Txaloak aski, borroka bai" lemapean finkatu dute Baionako mobilizazioa. Mobilizaziorako deia herritar guztiei luzatu diete sindikatuek, benetako "osasun zerbitzu publiko baten aldarria guztien onerako" delako. Ipar Euskal Herriari dagokionez, elkarretaratzea hasi dute 10:30etan Baionako suprefetura aitzinean. LAB eta CGTk deitu dute protestara.