argia.eus
INPRIMATU
LURRALDE KONTRATUA
Ipar Euskal Herriko Kontratu berriaren negoziaketak: balorazio gazi-gozoa
  • Hautetsien Kontseiluko lehendakari Jean-René Etchegarayk eta Garapen Kontseiluko Caroline Phillips lehendakariak prentsaurrekoa eman dute gaur. Ipar Euskal Herriko Lurralde Kontratuaren ardura duen batzordearen konklusioak aurkeztu dituzte.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2015eko irailaren 30
Hautetsien Kontseiluko lehendakari Jean-René Etchegaray eta Garapen Kontseiluko Caroline Phillips lehendakaria, gaur emandako prentsaurrekoan.

Hautetsien Kontseiluko lehendakari René Etchegaray eta Garapen Kontseiluko Caroline Phillips lehendakariaren hitzetan, irailaren 17an, Estatuko, Eskualdeko, Departamenduko eta Ipar Euskal Herriko Hautetsien eta Garapen kontseiluko ordezkariak bildu ziren Lurralde Kontratuaren negoziaketarako azken batzordearen kari. Bilkurak Ipar Euskal Herriko 2014-2020 Lurralde Kontratuaren dirua finkatzea zuen helburu.

2000-2006 Hitzarmena eta 2007-2013 Lurralde Kontratuaren ondorengo kontratu berria Garapen Kontseiluak landutako bederatzi ardatz nagusitan oinarritzen da: 62 ekimen barnebiltzen ditu, 300 milioi euroko aurrekontuarekin. Partaideen (Estatua, Eskualdea, Departamendua) ekarpena 166 milioi eurora igo da.

Bi kontseiluetako buruen esanetan, Ipar Euskal Herriari egokitutako hirugarren Kontratuak finantza publikoen murrizketa ekarri due, eta berau lurralde erreformaren testuinguruan kokatu behar da. Izan ere, NOTRE legearen egokitzapenak kolektibitateen eskumenen birbanaketa eragin du. Horrek, ondorioz, erkidego batzuen lan eremua txikitzea ekarriko du.

Egoera hori kontutan hartuta, Jean-René Etchegarayk eta Caroline Phillipsek desilusio eta etsipen bera partekatzen dutela adierazi dute Kontratua orokorrari begira. Alde batetik, 2014ko udan Hautetsien Kontseiluak eramandako proiektu deialdiko ekimen gutxi finantzatuak izanen direlako. Eta bestetik, partaideek ez dituztelako beharreko ahalmenak hizkuntz politika sendoa eramateko.

Alabaina, dena ez dute ezkor baloratu, eta partaideekin adostutako klausula baten bitartez, 2017an Kontratua berrikusteko aukera izanen dela espero dute, hartara, lurraldeari dagokion Kontratuaren edukia indarrean ezartzeko.