Laborantza lurren eta etxaldeen salmentaz arduratzen den SAFER egiturak plazaratu berri ditu 2021eko datuak. “Diruaren boterea” laborantzaren “minbizia” dela salatu du Ipar Euskal Herriko batzar teknikoaren presidente Jean-Claude Saint-Jeanek.
Kanbo, Arbona, eta orain Bidaxune. Espekulatzaileek eskuraturiko laborantza lurren zerrenda osatuz doa egunez egunez –eta anitzez gehiago dira isilean desagertzen direnak–. Ipar Euskal Herriko SAFER egiturak urriaren 12an Uharte-Garazin egindako konferentzian emandako datuak dira horren erakusleiho: 2021ean saldu diren 2.326 hektaretatik %40 dira laborari ez direnei bideratuak izan, orotara 930 hektarea. Beste lurralde batzuei alderatuz, arazoa anitzez azkarkiago sentitzen da Ipar Euskal Herrian; Biarnoan adibidez, salmenta horien %23 delako lehen sektoretik atera iaz.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan barna 170.000 hektarea dira laborantzarako –horien barne dira 50.000 hektarea larre eta alhapide kolektibo, hots, normalean funtzio hori mantenduko dutenak–. Batez beste, departamendu mailan eta eremuaren arabera, 3.080 eta 9.450 euro artean kostatzen du hektareak. %2z garestitu da balioa 2020 eta 2021 urteen artean.
Dirudunen espekulazio joera kritikatu du Ipar Euskal Herriko batzar teknikoaren presidente Jean-Claude Saint-Jeanek, "diruaren boterea” laborantzaren “minbizia” dela salatuz. Hurbileko segipena eta kontrola ezinbestekotzat dauzka: “Lurren kudeaketarik gabe, ezingo dugu ezer egin, etxaldeei ezingo zaie segida bermatu. Horrela ez diot gerorik ikusten laborantzari”:
Lurren salmenta emendatuz doa: 2020an baino %30 gehiago izan ziren 2021ean. Etxalde andanak aitzina egin ahal izateko segidarik ez duela erakusten digu datu horrek. Hala ere, Frantziako Estatuko datuei alderaturik egoera baikorragoa da Ipar Euskal Herrian: Akitania Berriako mendi aldean (Euskal Herria barne da) 10 erretretara sartzereetatik 8,4k dute segida.
ELB sindikatuaren Laborari kazetaren 1.445 alean zehazturik daude zenbaki horiek.
Kasu berri bat Bidaxunen
Herritarrek jakindako azken espekulazio kasua dugu Bidaxunen agerturikoa: 65 hektarea milioi bat eurotan erosi ditu Parisko dirudun batek, tartean duela bastiza ere, berez lanera tresna izan behark lukeena. Ofizialki, kirolerako zaldien hazkuntzarako erabiliko ditu lurrak, eta erosi ahal izateko, Laborantza Esplotaziorako Sozietate Zibila egitura sortu zuen irailean. Hori horrela, legediaren aldetik dena zuzena du eta laborantzarako gelditzen dira lurrak... baina elikagai ekoizpenik gabe.
Gisa horretako kasuetan mugatua du eragiteko gaitasuna SAFER egiturak: "Dosierra gibelarazi dut, egoera ongi aztertua izan da, batzorde teknikoak egoera hori deitoratu du, hots, prezioa ikusirik, laborari batek ez lukeela finkatzerik izanen", Saint-Jeanek Kazeta.eus-ei dioenari segi. "Lorturiko gauza bakarra" du 30 hektarea baztertu izana, laborari bat instalatu ahal izateko.