argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko kolegioetara itzuli dira 12 eta 13 urteko ikasleak
  • Ikasleak modu mailakatuan ari dira ikasgeletara itzultzen Frantziako Estatuan, eta astelehen honetan 5. eta 6. mailako ikasleei egokitu zaie buelta egitea. Itzulera hautazkoa da.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 18a
Eskola bateko patioan umeak urruntze soziala mantentzen (Argazkia: @lioneltop)

Frantziako Hezkunde Nazionalak “Harrera Pedagogikoa” izena eman dio ikasleak ikasgeletara itzultzea ahalbidetu duen prozesu mailakatuari. Aurreko astean 11 urte arteko ikasleek egin zuten kolegioetara buelta, eta astelehenarekin batera gauza bera egitea ahalbidetu zaie 12 eta 13 urteko ikasleei.

Ikasgeletara itzulera hautazkoa da, eta guraso gehienek umeak etxean gelditzearen aldeko hautua egin dute. Etxean zein ikasgelan, ikasleek telelana egiten jarraituko dute, baina ikasgeletan lan hori ikaskide eta irakasleen konpainian egin ahalko da.

Ikastetxeetan, telelanaz gain ariketa fisikoa egingo dute ikasleek egunero ordu betez, nahiz eta kirolerako aparailurik erabili ahal ez izan. Bazkariak ere egingo dituzte, baina bakoitzak eramango du bere janaria etxetik.