argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko ikasleen %73k ez dute euskararekin harremanik
  • Euskarazko irakaskuntzan garapenak izan badira ere, ikaslerik gehienek frantses eredu elebakarrean ikasten du. Baikor agertu da François-Xavier Pestel akademia ikuskari berria

Berria.eus Ekhi Erremundegi Beloki @EkhiErremundegi 2019ko abenduaren 11
Baxoa euskaraz egitearen aldeko elkarretaratzea.

Ipar Euskal Herriko ikasleen hiru laurdenek ez dute euskararekin harremanik izanen 2019-2020ko ikasturtean. Hori diote EEP Euskararen Erakunde Publikoak argitara eman dituen datuek. 2004an erakunde publikoa sortu zenetik gaur arte euskarazko irakaskuntzak izan duen bilakaera aurkeztu dute, François-Xavier Pestel Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskari berriarekin batera. Kopuruetan hobekuntzak izan badira ere —bereziki lehen mailetan—, gehiengo zabal batek eredu elebakarrean ikasten du, gaur-gaurkoz.

2004an, Ipar Euskal Herriko 108 eskolatan eskaintzen zuten euskarazko irakaskuntza; gainerako 147 elebakarrak ziren. Azken hamabost urteotan erabat irauli da panorama: aurtengo ikasturtean 158 eskolatan proposatu dute euskarazko irakaskuntza; 75 baizik ez dira elebakarrak. EEP sortu zutenetik 55 sail elebidun eta hamabi ikastola berri ireki dituzte. Euskarazko irakaskuntza eskaintzen duten lehen mailako eskolen proportzioa %42tik %68ra emendatu da. Halaber, euskarazko irakaskuntza jasotzen duten lehen mailako ikasleen kopurua ere emendatu da: %24,5etik %40,9ra.

Bigarren mailan afera konplikatuagoa da. 2004az geroztik 11 sail elebidun ireki dituzte kolegioetan, eta Seaskak ere kolegio berria ireki du Baionan. Ipar Euskal Herrian diren 40 kolegioetarik 28k eskaintzen dute sail elebiduna; zortzi baizik ez dira frantses elebakarrak. Hala ere, ikasleen %82k sail elebakarra segitzen dute kolegioan; lizeoan %92k. Izan ere, azken urteetan garapenik izan bada ere, oraindik oso aukera gutxi dago sail teknologikoan eta profesionalean euskarazko irakaskuntza jasotzeko.

Datuek oraindik egiteko anitz dagoela erakusten badute ere, aurtengo ikasturteko argazki orokorrak elementu positibo bat baino gehiago dakar: hiru sail elebidun eta ikastola berria ireki dituzte. Ama eskoletako «murgiltze» ereduaren esperimentazioekin ere segituko dute: 38 esperimentazio izanen dira aurtengo ikasturtean —hemeretzi publikoan eta beste hainbeste pribatuan—. Azkenik, lau kolegio publikok oren parekotasuna lortu dute sail elebidunean —ordu kopuru bera izanen dute euskaraz eta frantsesez—.

Prozesu bat

Pestel akademia ikuskariaren iritziz, «bilakaera» azpimarratu behar da, «garapena». «Batzuek parekotasuna lortu dute, besteek ez; ez du erran nahi lortuko ez dutenik. Prozesu bat da. Bada baliabideen gaia orokorki, baina bereziki giza baliabideen gaia: irakasgai bat edo bestea euskaraz emateko gai izanen diren irakasleak behar dira», adierazi du. Era berean, zehaztu du euskara ez dela landu behar duten problematika bakarra: «Okzitaniera eta mendialdeko eremuak ere kontuan hartu behar ditugu». Erabakiak aldagai horiei erreparatuta hatzen dituztela adierazi du.

1982an sortu zuten sail elebiduna eskola publikoetan; 27 urte behar izan dira, lehen aldiz lau kolegiok oren parekotasunera iristeko. Garapena «behar bezala» egin dela baieztatu du Pestelek. Estatuak ezin duela «dena» egin, eta estatuak «anitz» egiten duela errepikatu du behin baino gehiagotan. Azken urteetako datuei begira, Ipar Euskal Herriko ikasle kopurua beherantz doan momentu berean, euskarazko irakaskuntzan kopuruak emendatzen ari direla nabarmendu du: «Hezkunde Nazionalaren lanari esker ere bada».

Bernadette Soule EEPko zuzendariak azaldu du erakunde publikoaren sorrera aitzin (2004) ez zegoela euskararen aldeko hizkuntza politika publiko egituraturik, eta horrek esplika dezakeela «batzuek neketsu gisa ikus lezaketen» bilakaera. Irakaskuntza EEPren hamabi erronketarik bat dela azpimarratu du: «Eskaintzaren garapena ezarri genuen lehentasun gisa, euskarazko irakaskuntza, hiru sareetan, lurralde guzian eskuragarri izaiteko helburuarekin». 2008tik aitzina kalitatezko egituraketa lantzen hasi zirela azaldu du Soulek, eta euskarazko irakaskuntzaren ordu kopurua emendatzeko bi orientabide hartu zituztela: klaseak osoki euskaraz egitea ahalbidetzen duen ama eskolako esperimentazioa garatzea, eta kolegio eta lizeoetan euskaraz emanak diren hizkuntzak ez diren irakasgaien kopurua emendatzea, oren parekotasunera iristeko helburuarekin. Bide horretan, euskaraz irakasteko gai liratekeen irakasleak prestatzeari ekin diote azken urteetan, dispositibo baten baino gehiagoren bidez.

Iaz izandako gorabeherak aipatuta, akademia ikuskariak begi onez ikusi du ama eskoletako esperimentazioak azken urteetan izan duen bilakaera, baina «ebaluaketak» beharrezkoak direla azpimarratu du: «Euskara mailarena noski, baina baita frantsesarena ere. Ez da inor zigortua izan behar frantsesari begira». Hezkuntza frantses elebakarrean diren ikasleak euskararekiko zigortuak direla kontsideratu lezakeenez galdera egin-eta, «frantsesari buruz erantzutea» erabaki du: «Zilegia iruditzen zait Frantziako Errepublikako eskolak haur guziak frantses hizkuntzara prestatzea».

Aurtengo ikasturtean ezarri du lizeoetako erreforma Frantziako Hezkuntza Ministerioak, eta arazo andana sortu ditu, ez duelako bere baitan sail elebiduna aurreikusi. Akademia ikuskari berria ez da gai izan ahazte hori esplikatzeko: «Erreforma bat plantan ezartzean, koadro orokorra ezartzen da, eta, gero, badira beti aztertu beharreko egoerak». Haren hitzetan, erreformaren koadroan sail elebiduna aurreikusi ez izanak ez du estatuaren «interes falta» bat erakusten. EEPk proposamen helarazio zion Hezkuntza Ministerioari, eta berau aztertzen ari zirela jakitera eman zuten atzo.

Lehen bilera Seaskarekin

Azken urteetan gatazka handiak sortu dira, Hezkunde Nazionalak ez zituelako Seaskak eskatzen zituen postuak eman nahi. Herenegun izan zuten lehen bilkura, eta «adiskidetsua» izan zela erran zuen akademia ikuskariak. «Atzo ikusi genuen badirela hobetzeko gauzak». Horren ondotik aurrekontuei lotu erabaki politikoak datozela azpimarratu du.

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak ere «egokitzat» jo du lehen bilkura. «Heldu den ikasturterako hazkunde handia aurreikusten dugu. Horren araberako postuak eskatzen ditugu. Bakoitzak bestearen ikuspegiak landu behar ditu». Urte hasieran beste bilkura bat egitekoak dira.